GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Goierri Telebista, lizentzia digitala lortu osteko garaian

Joan den irailean lizentzia digitala eskuratu zuen Goierri Telebistak, inguruko beste hiru toki telebistarekin batera. Egoera berriak programazioa indartuko badu ere, lehia ere handitu egingo da. GT-ren xedea webgunea sendotzea eta irratia abian jartzea da.

Itziar PEREZ | IRUÑEA

Aurten, irailaren 5ean, bost urte beteko dira Goierri Telebista sortu zenetik. 2007ko irailean TDT frekuentzia digitala lortu zuen eta geroztik Eusko Jaurlaritzari aurkeztu beharreko plan teknikoa prestatzen dihardute. Aipatutako lizentzia behin betikoa ez izateaz damu da Ion Aldanondo, Goierri Telebistako zuzendaria. Izan ere, haren esanean, «behin-behineko erabakia da eta, horrez gainera, guri egokitutako lizentzia beste hiru telebistarekin partekatu beharko dugu: Localia, Vocento eta Urola Telebista delakoekin, hain zuzen». Hasiera batean lizentzia digitala lortzea zaila bazen ere, orain, Aldanondoren ustez, «ez da hain zaila, baina herri telebisten ikuspuntutik ez da batere panorama samurra, izan ere, 50.000 biztanle dituen Goierri bezalako eskualde bat herri telebista bakarra izatetik lau kate izatera igaroko baita».

TDT proiektuaren ondorioz, Goierrin Donostiako herri telebista, Lokalia eta Urola telebisten seinalea hartzeko aukera egongo da. Ondorioz, etorkizun iluna aurreikusi du Aldanondok.

Hala eta guztiz ere, Goierri telebistak indarrez darrai aurrera, ikasturte hasieran proposatutako helburuak bete nahian: lehenik eta behin, aipatutako TDT prozesuaren amaierara heldu eta digitalean emititzen hasi; ondoren, webgunea sendotu eta, azkenik, irratia martxan jartzeko asmoa dute. Webguneari dagokionez, azken hilabeteetan www.goierritelebista.com helbidean bideo ugari eskegi dituzte. Honez gainera, Goierri telebistan aritzen diren zazpi lagunak bi proiektu berritan murgilduta dabiltza: alde batetik, «28 Kanala» izena duen Tolosaldeko herri telebistan. Eta beste alde batetik, Zarautz eta Azpeitiko Erlo telebistari azken bultzada eman nahi diote, finean, helburua Goierrin finkatutako egitasmoa beste eremu batzuetara hedatzea baita. Aldanondoren ustez, Euskarazko Toki Telebisten Elkarteko kide izateak ere Euskal Herriko telebisten arteko elkarlana areagotzea eragin du. TDT proiektuari esker, eta programazioa indartzeko, Estatuko hainbat herri telebistarekin saioak trukatzeko akordioa sinatuko dute, Kataluniako Xarxa edota Canal Catalarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo