GARA > Idatzia > Euskal Herria

EHEk hautagai guztiei dei egin die beren programetan euskara aintzat izan dezaten

Arantxa MANTEROLA |

Sarritan hautes programetan «Euskal Herriko ezaugarri nagusietakoa den euskara ahantzia izaten» dela-eta, Euskal Herrian Euskaraz taldeak eskatu du datozen udal zein kantonamenduko hauteskundeetan aurkeztuko dituzten programetan euskara kontuan izan dezatela.

Horren karietara, «herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko» hainbat neurri hartzeko eskatzen dute, hala nola: herri mailan Euskara ofiziala eta lehentasunezkoa izendatzea; delibero baten bidez, euskararen normalizazioa lortzeko xedearekin, hizkuntza arauak eta helburuak finkatzea; hizkuntza politikaren plana zehaztea, beharrezko baliabideez (teknikoak, politikoak, ekonomikoak -aurrekontuaren %2-, azpiegiturak...) hornituz.

Bide horretan, programak osatzeko garaian, zenbait puntu zehatz proposatzen ditu EHEk. Hasteko, inkesta sozio-linguistikoa (hizkuntza politikaren epeak, eta epe laburreko helburuak definituko lituzkeena) egitea herrian.

Era berean, herriko langile erdaldunak euskalduntzeko plana finkatu, eta kontratatuko diren langile berri guztiak euskaldunak izatea eskatu beharko litzateke EHEren iritziz, eta euskalduntze plana herritarrekin harremanetan dauden langileengandik hasi. Herriko Etxearen lan hizkuntza euskara izatea eta hautetsiek, biltzarretan eta adierazpenetan, euskara erabiltzeko engaiamendua hartzea dira beste neurriak; EHEk uste baitu hautetsiek izan beharko luketela «eredua ematen lehenak».

Kanpora begira, paisaia linguistiko guztia euskaraz jartzea, eta argitaratzen diren komunikazio euskarrietan euskara lehentasunez agertzea da ere euskararen aldeko erakundeak egindako proposamenen artean dago.

Laguntza ekonomikoei dagokionez, herritarrak euskalduntzeko bekak edo antzekoak eskaini, gau eskolarekin hitzarmenak egin, eta nork bere kontura ikasi nahi duena laguntza emateko arduratu hartu beharko luke herriko etxeak.

Beste neurrien artean, euskararen aldeko sentsibilizazioa sustatzea, haurtzaindegietan euskarazko zerbitzua laguntzea, aisialdian euskarazko eskaintza egitea eta kexak jasotzeko zerbitzua irekitzea proposatzen du EHEk.

Udalei egindako eskaera horiekin bat egin du hainbat jende ezagunek, besteak beste: Anje Duhalde, Erramun Martikorena, Mixel Bedaxagar, Eñaut Larralde eta Mixel Etxekopar abeslari eta musikariak; Amets Arzalluz, Sustrai Colina, Xumai Murua, Eneritz Zabaleta, Miren Artetxe eta Aitor Sarasua bertsolariek; eta Eltzegor, BKBO, Ekintza, Mak, Izate eta Zpeiz Mukaki musika taldeek.

Boza papera euskaraz

Bestalde, lehen aldiz, euskaraz bozkatzeko aukera izango dute Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan.

Aurreko hauteskundeetan ez bezala, honakoetan Baionako suprefeturak onartu du Behatokiaren eskaera. Iazko maiatzean prefetak eta Euskararen Erakunde Publikoak sinatutako dokumentuan oinarrituta, legez posible da boz paperak euskaraz ere inprimatzea. Hori bai, hizkuntza ofizial bakarra frantsesa izaki, ezinbestean, boz paperak bi hizkuntzetan behar du. Behatokiak dei egin die alderdi eta hautagaiei euskararen presentzia bermatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo