«Gobernu aurrerakoia» egiten saiatuko da NaBai
GARA |
100.000 boto inguru lortzen baditu martxoaren 9ko hauteskundeetan, eta Nafarroako bigarren indar bihurtzen bada, «Gobernu aurrerakoia gauzatzen» saiatuko da NaBai, atzo Patxi Zabaletak Radio Euskadin eginiko elkarrizketan esan zuenez.
Hori da gainera, Zabaletaren esanetan, «Nafarroako herriak erabaki zuena, Nafarroak berak behar duena, ustelkeriaz beteta, agorturik eta ideiarik gabe dagoen UPN-CDNko Gobernua gainetik kendu ahal izateko, hain zuzen». Kontuan izanik, gaineratu zuen Zabaletak, «UPNk eta PSNk koalizioa egin dutela, Rajoyren eta Nafarroa Bai koalizioaren artean dago orain lehia».
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak plazaratutako proposamenak «EAEko hiru herrialdeetako lehenengo indarraren babesa» izan zezan, Aralar «Euskal Herria Bai gauzatzen saiatu» zela azaldu zuen Zabaletak. «Zoritxarrez -gaineratu zuen geroago-, hori ez da horrela izango, baina ezkerra, progresismoa eta erabakitzeko gaitasuna ordezkatzen duen Aralar gero eta indartsuagoa izango den neurrian, hemendik lau urtera, posible izango da» aipatutako helburua, Zabaletaren ustez.