GARA > Idatzia > Mendia

ekitaldiak EMFren gala

Mendizaletasunaren festa Iruñean

Joan den ostiralean, EMFren eta «Pyrenaica» aldizkariaren sariak banatu zituzten nafar hiriburuko Planetariumen. Gazteak eta beteranoak izan ziren XII. ekitaldiaren protagonista

Andoni ARABAOLAZA | IRUÑEA

Iaz ez bezala, elurrak eta izotzak ez zuten batere eragozpenik jarri; guztiz kontrakoa gertatu zen, azken asteotan hor goian dugun antizikloi indartsuaren eragina nabarmen gailendu baitzen. Alabaina, zeru urdinaz eta eguzkiaz gozatzeko ozta-ozta izan zen tarterik; izan ere, Euskal Mendizale Federazioak antolatutako XII. ekitaldia 19.00etan hasi zen.

Federazioaren festa edo gala hau, berriro ere, duela bost urte bezala, Iruñeko Planetariumera itzuli zen. Nafar hiriburuko Anaitasuna Mendizale Elkarteak iaz 50. urteurrena bete zuen eta, horren «aitzakiaz», 2008. urteko Mendizale Festa antolatzea otu zitzaion. Ez dira ez hasiberriak gai hauetan, eta ekitaldia, oro har, biribila izan zen. 19.00etarako Planetariumeko eserlekuak beteta zeuden.

Arantza Jausoro lehendakariaren agurrarekin batera, Javier Garreta zinemagilearen «Oroitzapenen itzala» proiekzioa ikusteko aukera izan zen. Baina, ohi den legez, arreta handiena sariak banatu ziren garaian jarri zen. Eta hasteko, 2007ko mendiko kirolari onenen garaikurrak banatu ziren. Aurtengo EMFren sariek kutsu berezia izan dute, besteak beste, gazteek eta beteranoek jaso dituztelako aitortzak.

Beteranoekin hasteko, aipatu behar dugu Pili Ganuzak, adibidez, Ibilbidearen Saria jaso zuela; hobeto esanda, haren alabek; izan ere, haren senar Gregorio Arizekin oporralditxoa igarotzen ari da. Sheve Peña Saria, ibilbide eta txango luzeei lotutakoa, Jacinto Lajasentzat izan zen. Mendiko eskiatzaile onenaren aitortza, Andres Regil Saria, hiru anaiak eraman zuten: Jose Maria, Angel eta Juan Antonio Regil anaiek. Hots, sariari izena ematen dion Andres Regilen ondorengoek jaso dute. Eta beteranoekin amaitzeko, gure lankide Antxon Iturrizak ere oholtzara igotzeko ohorea izan zuen. Bai, Antxon Bandres Saria jasotzera igo zen, euskal mendizaletasunaren historia hiru liburutan gureganatzeagatik: «Bandres gure mendizaletasunaren historian giltza izan zen, eta nik historia hori bere osotasunean landu dut. Horrela, baiezta dezaket sariaren izena eta nire lana bat datozela».

«Pyrenaica»

Beteranoen sarien lekukoa gazteek hartu zuten. Mendiko Lasterketen Saria Joxe Felipe Larrazabalek altxatu zuen. Jonatan Larrañagak Andres Espinosa edo jarduera alpetar onenari emandako saria jaso behar zuen, baina, Kanadan eskalatzen ari denez, haren aitak jaso zuen. Eta hirugarren protagonista Ekaitz Maiz izan genuen. Etxauriarrak kirol eskaladako jarduera onenaren Angel Sopeña saria eraman zuen.

Izan ziren beste pare bat sari: Euskal Mendizaletasunaren Adiskideak Saria Zegama herriak eta Iratxo Mendi Taldeak jaso zuten. Eta Kolaborazio Saria Construcciones Donosti SA-rentzat izan zen. EMFren sariekin batera, «Pyrenaica» aldizkariarenak ere banatu ziren. Mendiko Ipuinen III. Lehiaketan, Antxon Narbaizak eraman zuen lehenengo saria «Rokodromoan ikusiko dugu elkar» gaiarengatik. Bigarrena Eldara (Alacant) joan zen: Juan Manuel Maestreren «El control de la berenjena»-gatik. Eta hirugarrena Sergio Lozanok eskuratu zuen «Amaiur» lanarengatik.

Argazki lehiaketak, berriz, 25 urte bete zituen. Jaimen Alonsok irabazi du «...eta urrunean Udalatx» bildumarengatik. Bigarren saria Gotzon Arribasentzat izan zen «La Mano de Fatima»-rengatik. Eta hirugarrena Iñaki Baracek eskuratu zuen «Lareo 4 estaciones» bildumarengatik.

Mendiko Artikuluen sari potoloena Jose Maria Gutierrezek jaso zuen: «A los pies de la Sierra Salvada». Bigarrena, Masnouko Sergi Galanok: «Val Fosca, la visita urgente». Eta hirugarrena, Barcelonako Ignasi Planas-ek: «Muntanyes de Prades» y «Sierra de Montsant».

Azken saria, Pyrenaicaren Lagunak, Gregorio Arizentzat eta Txumarra-rentzat izan zen. Biak ala biak Nafarroako mendizaletasunarekin oso lotuta daude, eta horregatik jaso zuten aitortza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo