GARA > Idatzia > Eskubaloia

Errekopa eta EHF Kopako kanporaketen zozketa

Zorte nahiko ona izan dute Akaba eta Itxakok final-laurdenetako zozketan

Danimarkako KIF Vejen eta Estatu frantseseko Metz aurkariak egokitu zaizkie gipuzkoar eta nafarrei. Partidak martxoaren 8, 9an eta 15, 16an izanen dira.

p048_f01_148x104.jpg

Arnaitz GORRITI | BILBO

Europako Eskubaloi Federazioak -EHFak, alegia- Vienan duen egoitzara begira ziren atzo eguerdian Akaba Bera Bera eta Itxako. Europako Errekopa eta EHF Kopako final-laurdenetako zozketan zein aurkari egokituko ote zitzaien begira. Hala, talde bietako ordezkariek onartu zutenez, nahiko zorte ona izan zuten euskaldunek, beren sailean, irabazteko faborito nagusiak saihestu baitzituzten.

Akaba Bera Berari dagokionez, Danimarkako KIF Vejen taldea egokitu zaio eta Itxakori Estatu frantseseko Metz. Gipuzkoarrek aurreneko neurketa Bidebieta Kiroldegian jokatuko dute martxoaren 8 edo 9an eta, handik astebetera, Danimarkan. Nafarren kasuan, berriz, lehenengo partida Metzen izango dute eta itzulerakoa Lizarrerrian jokatuko dute.

«Errekopako final-laurdenetan talde onak edo oso onak bakarrik daude», esan zuen Reyes Karrere, Akaba Bera Berako entrenatzaileak. «Guri talde on bat egokitu zaigu. Berez ez da aurkari gaiztoena, baina ez da ahaztu behar talde daniarra dela hala ere; hau da, munduko ligaren onenean jokatzen duela, eta bertan bosgarren postuan dagoela uneotan. Gainera, kontuan izan behar da, lehenengo neurketa gure kantxan jokatzen dugula, eta normalean bigarren partidan erabakitzen dira kanporaketak. Nahiago izango genuke bigarren partida etxean jokatu beharko bagenu; izan ere, sarri ikusten baitugu bigarren partidan zaleek bultza egiten dutela eta horrek aurkariari abantaila ematen diola».

«Abantaila horri buelta emateko ikaragarrizko aldeaz irabazi beharko diogu: hamar gol edo gehiagoko aldeaz, eta hori oso zaila da», esan zuen Karrerek.

Karrereren iritziz, Budcnosten aurka Bidebietan bigarren zatian egindako defentsa errepikatzea izan liteke gakoetako bat. «Gure taldeak ez du erraztasun handirik golak sartzeko. Orduan, irabazteko aukerak izateko, gure defentsak lan handia egin behar du. Egia esan, nik uste dut defentsako lana gure berezko ezaugarrietako bat dela».

Dena dela, hurrengo egunotan Akaba Bera Berak izango dituen neurketak zituen gogoan entrenatzaileak. «Zazpi neurketa jokatu behar ditugu hamabost egunetan: dela ligakoa, dela Errekopa, Superkopa... eta denak dira garrantzitsuak».

Finalerdiak helburu

Are aldarte hobean hartu zuten Itxako taldeko buruek zozketaren emaitza, Volgogradeko Dinamo, Danimarkako Ikast Bording eta Hungariako Dunaferr saihestu eta gero.

«Metz taldea Txapeldunen Liga jokatzen ohituta dagoen taldea izanagatik, azken aldian, diru arazoak direla medio, zenbait jokalari garrantzitsu saldu behar izan dituzte. Pozik ez, baina konforme geratu gara zozketarekin», aitortu zuen Ambros Martin, Lizarrakoen teknikariak.

Roberto Zabala, talde nafarreko ordezkaria ere antzera mintzatu zen. «Zein talde suerta zitezkeen ikusita, nahiko pozik gaude. Kanporaketa honetan aurkari guztiak dira zailak; agian errazena Poloniako taldea litzateke, baina, dena den, nahiko pozik gaude. Hala ere, Metzek izen handia du eta badakigu zaila izango dela».

Final-laurdenetako bigarren neurketa etxean jokatzea egokituta ere, zuhur mintzo zen nafarren teknikaria. «Ezin gara fidatu bigarren partida Lizarrerrian dela-eta. Azken bi kanporaketetan itzulerako neurketa kanpoan egokitu zaigu eta emaitza ona atera dugu. Hau da, kontuan izan behar dugu itzulerako partida etxean izatearen abantaila joaneko partidako emaitzaren ondorio dela. Neurketa hori bikain prestatzea da gakoa».

Dena dela, anbizioz gainezka azaldu zen Ambros. «Azken kanporaketetan gure taldeak izaera gogorra eta eskarmentu nahikoa badituela erakutsi du. Beraz, gure helburua finalerdietara iristea izango da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo