«Manga» itxurako Biblian, Jesus Nazaretekoa mundua salbatzea xede duen superheroi bat da
Superheroi berri bat iritsi da «manga» itxurako komikien planetara. Izen xelebrea du: Jesus Nazaretekoa. Bere eginkizuna, aldiz, ez da oso originala, mundua salbatzea baitu xede. Arrakasta lortzen ari omen da.
GARA | LONDRES
Hodder and Stoughton-ek argitaratutako komiki itxurako biblia bat, manga estiloan marraztua, nahiko oihartzun handia lortzen ari da Britania Handian. Dagoeneko 30.000 ale saldu dituzte.
Egilea Ajinbayo Akinsiku da, ezizenez, «Siku», eta bere helburua «15 eta 25 urte bitarteko herritarren artean Bibliaren mezua zabaltzea» da. Argitalpenak berrehun orrialde ditu eta Biblia osoa -Itun Zaharra zein Itun Berria- laburbiltzen du, Genesitik hasi eta Apokalipsia bitartean.
Egungo itxura eta hizkera
Manga itxurako Biblia honetan, pertsonaiek egungo nerabeen antzera hitz egiten dute, eta haien jantziak ere azken joerei jarraiki moldatuta daude. «Siku»ren ustez, horrek «Bibliara hurbiltzen» lagunduko dio jende gazteari.
Ekimena kritikatu dute hainbat kristau sektorek, «Siku»k darabilen hizkera arruntegia dela eta, batez ere, marrazkietan bortizkeria sarri nagusitzen dela argudiatuz. Baina manga itxurako bibliak Rowan Williams Canterburyko artzapezpikuaren beraren onespena du. «Komiki honek Bibliaren zirrara eta freskura modu ezin hobean islatzen ditu», esan du.
Ingalaterrako Elizako bozeramaile batek, berriz, «Siku»ren lanak «distira handikoa» dela nabarmendu du. Haren iritziz, «Jesus Nazaretekoa superheroi bat balitz bezala aurkezteko ideiarekin bat egingo du jende askok eta askok, baina garrantzitsuena ez da hori, garrantzitsuekomikiak Bibliaren benetako mezuari eusten diola da».
Ajinbayo Akinsikuk, «Siku»k, 42 urte ditu. Orain arte, superheroietan aditu den Marvel argitaletxe estatubatuar erraldoiarentzat egin ditu lanak, baita ere bideo-joko enpresa batentzako. Horretaz gain, oso fededuna da. Orain dela gutxi Teologian lizentziatu da, eta Ingalaterrako Elizan artzain izatea du helburu.
Manga itxurakoa ez da Britania Handian azken urteotan Bibliaren mezua jende gazteagana helarazteko egin duten ahalegin bakarra. Esaterako, orain dela bi urte sakelako telefonoaren bidezko mezu laburretan (SMS) Biblia osoa eman zuten. Ez dirudi, ordea, ekimen hark mangak besteko arrakasta izan zuenik.
Kain eta Abelen «balentriak» ere plazaratu ditu «Siku»k, eta bide beretik jarraitzeko asmoa du. Izan ere, Itun Berrian oinarritutako 300 orrialdeko bilduma bat prestatzen ari da.