GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«zazpi haizetara» bidaia aldizkari berezitua

Mundu zabala eta txikia euskaraz, hilero kioskoan

Bidaiatzeko grina geroz eta hedatuagoa dago egungo gizartean, eta kioskoetan topa daitekeen aldizkari eskaintzaren artean bat gehiago izango da bihartik aurrera. Astero argitaletxeak kaleratutako «Zazpi Haizetara» bidaia hilabetekariak euskara hutsean ekarriko ditu munduko eta bertako proposamenak, begirada propioz eta informazio landuz.

p006_f01_110x157.jpg

Amalur ARTOLA

Gizartean gertatzen ari diren eraldaketen ildotik bidaiatzeko zaletasunak aurrera egin ahala, honetarako baliabideak ere geroz eta eskurago daude. Egunerokotasunetik irten eta atseden hartzeko beharrari edota abenturarako eta mundua ezagutzeko grinari erantzuten dioten eskaintzak ere hedatuagoak daude eta, hartara, egutegian hiruzpalau jaiegun jarraian pilatzearekin batera gertuko ingurua zein mundu zabala ezagutzeko aukerarekin egiten da topo. Hau guztia aintzat hartuta ekin zion Iruñeko Astero argitaletxeak bihar Euskal Herriko kioskoetara iritsiko den «Zazpi Haizetara» bidaietan berezitutako aldizkariaren ildo nagusiak diseinatzeari.

Egun, dozenaka dira era guztietako bidaia proposamenak jaurtitzen dituzten aldizkari berezituak, abentura saltzen dutenak, bidaia bitxiak mahai gainean jartzen dituztenak, natura ondarea nabarmentzen dutenak, kulturarteko ezagutza eta mundu zabala aintzat hartzen dituztenak eta, gehientsuenak, urruneko lurraldeak ezagutzeko gonbita egiten dutenak. Eta nagusiki erdal hizkuntzak, gaztelania eta frantsesa batez ere, erabiliz biltzen dituzte munduan ikusgai dauden horiek euren orrialdeetan.

«Zazpi Haizetara» aldizkariak bidaiatzeko era horiek guztiak bateratu eta euskarazko kalitatezko produktu bat kaleratzeko erronka hartu du beregain. Batetik, bidaiatzeko grina horri erantzunez, irakurlearen eskura jarriko ditu mundu mailan erakargarri diren bidaia eta ibilaldiak. Bestetik, aintzat hartuko ditu abenturarako sena duten bidaiariak, hala nola lasaitasun bila abiatu edota arrotzak zaizkien kultura eta bizimoduak ezagutzeko grina dutenak ere. Era berean, inguruaz gozatzeko urrunegi joan beharrik ez dagoenaz jakitun, Euskal Herrian bertan dauden parajeak aurkeztea ere izango du xede, betiere begirada zabal eta berezituz.

Eta, hori guztia, euskara hutsean. Iruñeko argitaletxeak argi du euskarazko produktuen merkatua zabaltzen eta indartzen jarraitu beharra dagoela eta «Zazpi Haizetara» izango da bidaien eskaintza euskara hutsean egin duten lehenengo aldizkarietako bat.

Edukiek arlo zabala jorratzeaz gainera, Asterok garrantzia berezia eman dio kalitateari. Eskainiko den informazioa landua izateaz gainera, irakurlearentzat erakargarria izango den formatua eta esparru bisualari garrantzia emango dion diseinua egiten ahalegindu da. Hartara, couche paperean eta koloretan argitaratuko da, informazioaren lagungarri izango diren argazkien trataerari garrantzi berezia emanez, horien bidez unean proposatzen den bidaiari gainbegirada edo ikuspegi orokor bat emateko ahaleginean. Alde horretatik, erreportaje grafikoek ere izango dute presentziarik aldizkarian, hitzen bidez beharrean irudiak erabilita munduko zoko bakoitzak barnean gordetzen duena erakustarazteko helburuz.

Honek irakurketarako erraztasuna ere bideratuko du, testu astunetatik ihes egin eta hizkera errazean bidaiariari irakurketa atsegina eskaintzeko asmoz. Era berean, bidaiak mugimenduaren sinonimo izan ohi direnez, tamaina eramangarria izango du «Zazpi Haizetara» aldizkariak, edozein lekutara eramateko moduko formatuan argitaratuko baita.

euskal herri osoan banatuko da

Banaketari dagokionean, Euskal Herriko geografia osoan izango da eskuragarri «Zazpi Haizetara». Guztira 2.000 banaketa puntutik gora izango dira aldizkaria jasoko dutenak eta zenbaki berria hileko azken asteburutik aurrera izango da eskuragarri. Gainera, lehenengo zenbakiek euro bateko promozio salneurria izango dute.

Lehenengoari dagokionean, bihar ikusiko du argia eta Euskal Herriko kiosko gehienetan izango da eskuragai. Denetariko gaiak jorratuz, 64 orrialdetan zehar gertuko zein urruneko kontuak izango ditu aipagarri: Eskoziaren alde ezkutuak ezagutu, aurten Europako kultur hiriburu izendatu duten Liverpool hiria bisitatu eta antolatu diren ekimenen aurrerapena eman, Peruko Andeak eta hiriburuekiko lotura bideratzen duen Macho Trena ezagutzeko parada izan, eta, geurera etorrita, Bizkaiko zubi entzutetsuaren xehetasunak ezagutzeko aukera izango da. Bidaiatzeko modu ezberdinak ere proposatuko ditu «Zazpi Hazietara»-k. Esaterako, zaporeen mundura hurreratu eta Shanghai hiriko gastronomian barnako bidaia eskainiko da bertan dabiltzan euskal sukaldarien ahotik. Erreportaje grafikoen atalak munduan Aste Santua bizitzeko dauden hamaika era jarriko ditu irakurlearen eskuetan eta, artea gidaritzat hartuta, munduko museoetan ibilaldia egin ahal izango da, egun erakusgai dauden lanak gerturatuz. Amaitzeko, «Tokitan dago!» azpiatalaren bidez mundu zabaleko irudiak ekarriko dira «Zazpi haizetara»-ko orrialdeetara. Hau guztia, esan bezala, bihartik aurrera izango da eskuragai Euskal Herriko kioskoetan, euro bakarreko promozio salneurrian eta euskaraz.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo