GARA > Idatzia > Pilota

«Igandeko finala fite baldin badoa, niretzat oso seinale txarra izango da»

p047_f01.jpg

Paxkal EZKURRA | Pilotaria

Paxkal Ezkurrak datorren igandean izango du iaz lortu zuen Buruz Buruko txapelari eusteko modua. Horretarako, ordea, Waltari menderatu beharko du Baionan, Moderne trinketean jokatuko duen final handian. Urruñako atzelaria irrikaz dago mailarik onena erakusteko eguna noiz iritsiko.

Jon LEUNDA |

Igande arratsaldean jokatuko da Baionan, Moderne trinketean, aurtengo Buruz Buruko finala. Paxkal Ezkurrak iaz lortutako txapelari eusteko aukera izango du.

Zer moduz heltzen zara finalera?

Ongi, eskuak eta zangoak ongi ditut, fisikoki ongi nago, aitzakiarik gabe. Finala heltzeko gogoz nago.

Maulen Sorhueten aurka galdu egin zenuen, eta ia finaletik at geratu zinen. Zer gertatu zen han?

Nik partida txarra egin nuen, eta Sorhuetek, aldiz, ongi jokatu zuen. Hala ere, hura ongi etorri zitzaidan. Neure buruarekin oso haserre amaitu nuen, baina konturatu nintzen hala jokatuz, ez nuela ezer egiterik izango. Gero, azkeneko partidan, Etxetori irabazi behar nion, eta berak 33 kintze baino gutxiago egin behar zituen. Gogo biziz kantxaratu nintzen, eta oso partida ona egin nuen. Etxetok, aldiz, dena alde zuen, baina presioarekin ez zuen asmatu, eta nik finalean sartzeko modua egin nuen.

Eta finalean Waltari.

Bai, eta niretzat ezustea izan zen. Ozafrainek dena alde zuen finalean izateko, azkeneko partida irabaztearekin nahikoa zuen, eta ez zuen lortu; nik, bi aukeren artean, Waltarirekin jokatuta nahiago.

Zergatik?

Bistakoa da biak direla pilotari handiak, baina niri Waltariren jokoa hobeto doakit. Ozafrainek eta nik oso ongi ezagutzen dugu elkar. Biak gara atzelariak eta asko jotzen dugu elkarren aurka. Waltari, berriz, aurrelaria da, eta joko ezberdina dauka.

Kubatarrari irabazteko partida luzatzen saiatu beharko duzu, ezta?

Bai, dudarik gabe. Finala fite baldin badoa, niretzat oso berri txarra izango da. Errestoan ongi aritu beharko dut, eta gero kintzeak lantzen eta partida luzatzen saiatuko naiz. Fisikoki oso ongi prestatuta nago, eta horretaz baliatu behar dut.

Errestoan ongi ibiltzea ere beharrezkoa izango da ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Bakarkako partidetan sakeak garrantzi handia dauka, eta errestoak ere bai, baina batez ere, Waltariren aurkako partidetan, berak botearekin min handia egiten baitu.

Zaleek diote, azken urtean zure maila ez dela aurrekoa bezain ona izan. Ados al zaude?

Bai. Egia esan, aurreko urtea oso ona izan zen niretzat, baina aurten Buruz Burukoa irabazi nuenetik, ez da gauza bera izan. Buruan gauza bat baino gehiago izan ditut, eta horrek agian ez dit utzi nire maila ematen, baina hasi berri dugun urte honetan, berriro ere nire jokorik onena erakustea espero dut.

Finalerdietako ligaxkan maila handiko pilotariak zaretela ikusi da, partidak oso onak izan arren, ez da aurrez pentsatzen zen hainbat zale joan trinketeetara. Zer gertatu da?

Aurten ez da finalerdi zuzenik jokatu, ligaxka izan da. Uste dut zaleek ez dutela ongi ulertu, finalerdi zuzenak nahi baitzituzten. Gero, Federazioak komunikabideekin, lan gehiago egin behar zuela uste dut, aldaketen berri ongi agertu, eta zaleengana gerturatu.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo