GARA > Idatzia > Musika

Lendakaris Muertos laukote iruindarra, ispilu aurrean barrez

Hitz asaldatuak eta punk doinuak uztartu ohi dituen Lendakaris Muertos taldeak prest du hirugarren lan luzea, «Vine, vi y me vendí» izen esanguratsua daramana eta datorren astelehenean saltokietan izango duguna. Azkenaldian, film batean kantu bat sartu eta Gironan ere izan da aferarik laukote iruindarraren inguruan. Etzi, Pititako Irratiak Santurtzin antolatu duen jaialdian joko dute eta guk taldeko abeslari den Ibarretxeri lan berriaz galdetu nahi izan diogu.

p056_f01_204x112.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Lendakaris Muertos taldeak prest du «Vine, vi y me vendí» hirugarren lana, datorren astelehenean, otsailaren 25ean, argitaratuko dena. Bertan, ohiko punk doinu bizkor eta hitz pozoitsuez gainera, DVD bat ere aurki daiteke, taldeak zuzenean izandako jarduera zoroaren erakusle. Orain, laukoteak Los Mas Vendidos Tour jarriko du abian. Biraren lehenengo hitzordua bihar bertan izango da, Santurtziko La Kelo gaztetxean, eta gu taldeko abeslari den Aitor Ibarretxe lehendakariarekin mintzatu gara.

Izenburuak taldea saldu egin dela esaten du argi eta garbi, eta memento batez punk musika zokoratu eta Operacion Triunfoko musika egiten hasi ote diren pentsatu dugu. Ibarretxek esan duenez, «saldu garen salaketa egin dutenen omenezkoa da izenburua, eta haiek esan beharko dute zertan saldu garen». Lana aztertzen jarraituz, «ez dut uste bilakaerarik izan dugunik», esan du Ibarretxek. «Taldeak betikoa eskaintzen du. Hitzak betikoak dira, baita musika ere. Agian lan berria aurrekoak baino are bizkorragoa da eta hogei kantu bildu ditu ordu erdian». Aldaketa nabarmenik ez egon arren, «gustuko dugun musika lantzen jarraitu dugu», eta urteen poderioz hobeto jotzen dutela ere aipatu du kantariak.

Lan berriak DVD bat ere badakar barruan. «Gor-ekoek esan duten bezala, gure bideoteka partikularra da. Kamera bat erosi eta zuzenekoetara eramatea otu zitzaidan, eta grabaketa horien emaitza da plazaratutakoa. Guztiz etxekoa da, beraz; guk geuk edo lagunen batek grabatutako irudiez osatua».

Aurrekoak bezala, azala bera ere kezkagarria du lanak, ikur komunista agertzen baitu, erdian mailu eta igitaiz egindako euroaren ikurra duela. Hori ikusita, McDonalds zabor-jan enpresa handiak diruz lagundu dituen galdetu diogu Ibarretxeri ausardiaz, eta horrela erantzun du berak: «oraindik ez, baina horretan gabiltza».

Ibarretxe auzia

Azken finean, ingurukoa kritikatu eta bere buruari barre egiten ere badakite iruindarrek. «Oinarrizkoa dugu autokritika egitea, eta horretarako erabiltzen dugu satira. Kritikatzen dugun guztiaren parte gara edo hurbiletik ezagutu dugu». Egun taldeak ez du hasieran lortutako harridura sortuko, baina «gure betiko maila mantentzen saiatzen gara».

Aitor Ibarretxe abeslariarekin batera, Asier Aguirre gitarra, Txema Garaikoetxea baxua eta Potxeta Ardanza bateria dira Lendakaris Muertos.

Ibarretxeren kontra jarritako salaketa aurrera doala eta, kantariari galdetu diogu zigortuko balute gertatuko litzatekeenaz. Ez kezkatzeko esan digu berak, «taldeak bermea ordaintzeko dirua lortzeko emanaldiren bat edo beste egingo baitu».

Kantuetan betikoa dute mintzagai, «euskal arazoa, drogak, benetako punkiak...». Hitzak idazteko ardo asko edaten duten susmoa dugula-eta, «garagardoa edaten dugu, eta gero eta gutxiago», harritu gaitu Ibarretxek. «Beti izan dugu gustuko leloak asmatzea. Taldea egin aurretik lagun koadrilan egiten genuen, manifetan eta. Gero, taldera ekarri dugu hori».

Aberastu eta nazioartera zabaltzeko asmorik baduten galdetuta, abeslariak aberats okituak direla esan digu, eta dagoeneko jo izan dutela nazioartean, Andaluzian, Galizian, Katalunian eta Madrilen. Hurrengo pausoa Latinoamerika litzateke, baina ez omen dute asmorik, «oso arriskutsua dela esan digute-eta». Ika-mikaren bat edo beste ere izan dute, tartean abertzale sutsuren bat edo besterekin, «Izan da gu jipoitzeko saiakerarik, baina gauza gutxi, orokorrean jendeak umore ona duela erakutsi izan baitu».

GIRONAKO IKASLEAK

Gironako Unibertsitateko ikus-entzunezko ikasle bik taldearen kantu bat erabili nahi izan zuten bideoklip bat sortzeko, bertako irakasleren batek eragotzi zien arte, taldea ezegokitzat hartuta.

Fitxa

+ Honoris Causa

Data: Etzi, larubata.

Lekua: La Kelo gaztetxea (Santurtzi).

Ordua: 20.30ean.

Sarrera: 5 euro.

Argi eta garbi esanda: etorri, ikusi eta nork bere burua saldu

Lendakaris Muertosen hirugarren lana dugu honako hau. Dagoeneko hasieran sortu zuen harridura galdua du laukoteak, eta ohiko duen umore fina erabili du berriro ere, horixe baitute taldearen ikur. Diskoak ez du atsedenerako betarik ematen eta bizkorra bezain gogorra da. Hitz satirikoak ditu, eta doinu erraz eta azkarrak. Taldeak besaulkiko ekologistak, ordu osagarrien aldeko langileak, politikari zuriak eta gidari txotxoloak ditu jomugan, besteak beste, baita drogen erabileren inguruko pasadizoak ere. Azken finean, talde nafarrak bere buruari ere egiten dio barre. Lan berriak dvd bat ere badakar, zuzeneko kontzertuen irudiekin.A. BILBAO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo