GARA > Idatzia > Gutunak

Ekhi LAMBERT Segiko kidea

Kako afera ez da isolatua!

Joan den hilean, bost laborari eta langile bat atxilotu zituzten barnealdean. Bi egunez egon ziren Baionako polizia etxean, galdekatzen zituztela. Segidan, elkartasuna abian jarri zen, eta mobilizazioak deitu ziren.

Prokuradorearen aitzinetik pasatu eta gero, seiak libratuak izan ziren, epaiketa otsailaren 21era pusatuz. Laborarien ustez, eraso errepresibo hori neurrigabekoa da. Eta hala da !

Ez, atxiloketa horiek ez dira isolatuak, frantses estatuak Euskal Herriko sektore guztiei eraso nahi baitie. Irratia entzutea aski da, ohartzeko atxiloketak egunerokoak direla Euskal Herrian. Eta ez Hego Euskal Herrian bakarrik.

Azken hilabete horietan frantses Estatuak bere zakurrak mobilizatu ditu azkarki. Iheslarien kontra, gazte independentisten kontra, laborarien kontra, ostatu herrikoien kontra... eta nola!

Laborariak ez dira bakarrak indar errepresiboaren jomugan. Euskal gizarte osoa zikindu nahi dute. Herriak eraikitzen dituen egiturak ez dira ongi etorriak, zalantzan ezartzen baitituzte estatuaren ongi eginak.

Absurdoa da jende batzuen atxilotzea, ate nagusiko berin porroxka hautsi batzuengatik. Zeren beldur ziren FDSEAkoak zakur tropa hori gomitatu zutenean Donapaleura? Ez zuten segurki kontzientzia lasai ukan behar.

Argi eta garbi ikusi da ere zakurrak noren aginduetara diren, eta eskumakilak herritarren kontra fermuki erabiliak direla.

Frantziak Espaniarekin kolaboratzen zuen, tortura onartzen, eta abar... Egun, Espainiaren ber heinean jarri nahi du eta Euskal Herriaren zapalkuntzan eskubide zibil eta politikoak mespretxatzeaz gain, deuseztatu nahi ditu! Noraino joanen dira? Nor izanen da ondokoa? Estrategia errepresibo horretan tematzen dira, sinetsiz hemen bizi ditugun arazoak horrela konponduko dituztela. Sortu nahi duten tentsio giroak ez gaitu gure helburuetatik desbideratuko eta gure herriaren eraikuntzan eginen ditugun urrats bakoitzak geldiezin bilakatuko du euskal uholdea.

Anartean, gaur, otsailaren 21ean, kopuru handian agertuko gara Baionako auzitegiaren aitzinean antolatua den elkarretaratzera!

Utz Euskal Herria bakean! Segi borrokan, segi antolakuntzan!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo