Joseba Llano Hernaiz Assa Ikastolako langileen izenean
Soin Heziketako orduen murrizketaren kontra
Idazki honen bitartez, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ateratako Dekretuaren arabera, Soin Hezkuntzako arloari murrizten zaizkion eskola orduak direla-eta, Assa Ikastolako langileok bat egiten dugu Soin Heziketa arloko profesionalak neurri horren kontra aurrera eramaten ari diren planteamendu eta eskakizunekin. Horregatik, gure elkartasuna adierazi nahi diegu gure lankideei.
Gure ustez ikastolako neska-mutilen garapen integrala, pertsonala zein akademikoa, bultzatzen ari garen honetan, ezinbesteko ikusten dugu gure hezkuntza proiektuaren barruan Soin Heziketa ikasgaia egotea, behar adina eskola ordurekin. Horretaz gain, XXI. mendeko euskal gizarte honetan, ikas-arlo honen bidez lantzen diren gaitasun eta helburuak funtsezkoak iruditzen zaizkigu ikasle baten ikas-irakaskuntza prozesuan, are gehiago, ikusten ari garenean gaur egun gure gizartean sortzen ari diren arazoak. Neurri hori aurrera eramaten bada, Soin Heziketan gure ikasleek lantzen ez dutena galdu egingo dute.
Gainera, bereziki garrantzitsua izan da ikastolen munduan ikas-arlo honen inguruan mugitzen diren profesionalek egindako lana, Ikaspilota, Ikasarrauna edo Xiba proiektuen bitartez. Horiei esker gure kulturaren zati handia arlo kurrikularrean eta ez-kurrikularrean benetan txertatzea lortu dute, bultzatzen ari garen euskal curriculumaren aitzindari moduan.
Beste alde batetik, ez dugu ulertzen hezkuntzaren munduan instituzioetatik ematen ari diren etengabeko aldaketa prozesua, behin-behinekotasunean murgilduta eta norabide argirik gabekoa eta, okerrago, emaitza akademikoei begira egiten diren dekretuak, hezkuntza komunitateko partaide guztiekin adostu gabe.
Beraz, Dekretuan agertutakoan atzera egitea eskatzen diogu Hezkuntza Sailari, gure ikasleen hezkuntza kalitatearen mesedetan.