Botereari eusteko lehian sartu da buru-belarri Pervez Musharraf Pakistanen
Hauteskundeetan bere alderdia hirugarren postua baino ez da eskuratu ere, Pervez Musharraf Pakistango presidentea osatu behar den Gobernuan burua sartu nahi du. Asmoa orain arte oposizion izan diren PPP eta PML-Nren arteko desadostasunak aprobetxatzea da.
GARA |
Pakistango hauteskundeetan nagusi atera diren oposizioko bi alderdien eta Pervez Musharraf presidentearen artean boterea bilatzeko lehia hasia da dagoeneko.
Hauteskundeetan hirugarren postuan geratu ondoren oso egoera ahulean gelditu den Musharrafek adierazpenak egin zituen atzo «harmoniazko koalizio» bat sortzearen alde.
Badirudi Musharrafen asmoa oposizioko PPP (Benazir Bhutto zenarena) eta PML-N (Nawaz Sharifena) alderdien arteko aspaldiko mesfidantza indartzea eta bere burua egoera baretzeko pertsona egokitzat aurkeztea dela.
PPP eta PML-Nk dagoeneko Pakistanen Gobernua osatzeko negoziatzen hasi badira ere, desadostasun haundiak dira. Adibidez, ezin dira ados jarri Musharrafek hemendik aurrera izan behar dituen betebeharren gainean.
Sharifek, 1999an Musharrafek Gobernutik bota eta espetxera eta erbestera kondenatu zuena, «Pakistango diktadura berehala ezabatu» behar dela aldarrikatu eta presidenteak ahalik eta lasterren herrialdea utzi behar duela eskatu du.
Bhuttoren alargunak, Asif Ali Zadarik, berriz, Musharrafen alderdiko kideekin Gobernua ez duela osatuko esan du soilik. Hots, ez du eskatu presidentearen dimisiorik. Badirudi Ali Zadarik ez lukeela begi txarrez ikusiko Musharraf benetako botererik gabeko Presidentzia batean gelditzea.
Gauzak horrela, PPP eta PML-Nren arteko elkarrizketak zailak izango direla aurreikusten da. Are gehiago, PPPk AEBrekin islamisten aurka egiteko prest dagoenean eta PML-Nk iraganean talde hauekin izandako loturak direla eta mesfidati agertzen denean.
Pakistanen osatu behar den Gobernua «AEBen lagunak izaten jarraitzen» espero duela adierazi zuen atzo George Bushek Accran. Musharraf AEBren lagunmina izan da azken urteotan.