«Egunkaria», duela bost urteko gau iluna gogoan
Bost urte joan dira, goizaldeko lehen orduetan, Auzitegi Nazional espainoleko epaile baten aginduz, Guardia Zibilak egunkari bat, lagun askoren lan nekezari esker abian jarritako euskarazko herri proiektua, suntsitu zuten egunetik. Atzo izan zen egun, alegia, gau bereziki ilun haren urtemuga, eta data ilun gisa gogoratu zuten Andoaingo Martin Ugalde Kultur parkera bildutako ehunka lagunek eta Euskal Herri osoko beste milaka jendek. Ezin bestela gogoratu adierazpen askatasuna, errugabetasun ustea eta, azken buruan, gutxieneko balio demokratikoak modu nabarmenean urratu zituen operazio hori, judizial eta poliziala izanik ere, bultzada politiko oso argikoa.
«Egunkaria» itxi zutenean, haserrearekin batera sinesgaiztasun sentimendua nagusitu zen Euskal Herriko bazterretan. Sinesgaiztasun ahula, ordea, herri honetan euskal hedabideak ixteak bazuen-eta aurrekaririk. Ia bost urte lehenago behin-behinean itxi zituzten hedabideek, artean, itxita segitzen zuten, eta auzipetuek epaiketaren zain. Sinesgaiztasun sentimendua zabaldu zen, halaber, atxilotuek, bost egunez inkomunikatuta egon ondoren, tortura eta tratu txarrak jaso zituztela jakinarazi zutenean. Baina errealitate gordinenaren aurrean sentitzen den sinesgaiztasuna zen hura ere, torturaren eta tratu txarren aurrekaririk lehendik ere bazen-eta, erruz.
Itxirik dirau «Egunkaria»k, baina auzia ez da hor bukatu, egunkaria itxita eta 300 langile kalean. Hamabi lagun epaiketaren zain daude Fiskaltzak auzia artxibatzeko eskatu bazuen ere, eta 12tik eta 26 urtera bitarteko zigor eskaerari aurre egin beharko diote «deliturik gabeko epaiketa» bi direla-eta.
Duela bost urteko hura adierazpen askatasunaren aurkako eraso argia izan zen, euskararen aurkakoa eta, hortaz, Euskal Herriaren aurkakoa. Egunkari hark, auzipetuek, langileek, Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozial gehienen, sektore gehienetako eta mota guztietako lagunen elkartasuna jaso dute, hamaika mobilizaziotan agertua, atzo Andoainen egin zuten bezala, beren buruak auzipetuen «zaku berean» sartuta. Eta euskal gizartearen elkartasun horrek atze-atzean utzi du, beste behin ere, euskal instituzioen jarrera, horrelako eraso bati emandako erantzuna zenbait adierazpen herabe egitera mugatu baitute. Bitartean, Euskal Herriak sistema judizial propio bat izan dezala eskatzea gero eta arrazoi handiagoa bilduz doa.