GARA > Idatzia > Kultura

Gadesen nortasuna eramango dute Arriagara bere legatua defendatzen duten dantzariek

Antonio Gades konpainia «Carmen» lanarekin Bilbon izango da gaur, eta larunbata bitartean. Izan ere, 2003an zendutako dantzari handiak pieza hori estreinatu zuenetik hogeita bost urte beteko dira aurten.

p050_f01_148x112.jpg

Izaskun LABEAGA | BILBO

Prosper Merimee eta Georges Bizeten lanetan oinarritutako ``Carmen'' aurkeztu zuten duela 25 urte Antonio Gades koreografoak eta Carlos Saura zinema zuzendariak. Parisen plazaratu zuten estraineko aldiz, arrakasta handiz; eta hala, hamarkada batez mundu osoko antzeztokietara eramateko aukera izan zuten.

Bizet, Gades, Solera eta Freireren musika du ``Carmen'' honek. Gadesek berak dantzatu zuen On Joseren paperean eta Cristina Hoyos izan zuen bidaia lagun, protagonista nagusiari bizia emanez, bere konpainia sortzea erabaki zuen arte. Orduan, Stella Arauzok ordezkatu zuen Hoyos, eta gaur egun bera da antzezlanaren lehenengo figura eta zuzendari artistikoa.

Stella Arauzo nerabe zen, artean, Antonio Gadesen konpainiara iritsi zen garaian. ``Odol ezteiak'' lan aski ezagunean egin zuen jendaurreko debuta.

Gadesek moldatu zuen ``Carmen'' lanak askatasuna biziki maite duen emakumea aurkezten du, eta ez biktima bat, beste zenbait bertsiok egin duten moduan. Bere bizitzaren norabidea erabaki nahi duen andrea da, eta bere jardueraren ondorioak onartzen dituena. Carmen indartsua irudikatu zuen sortzaile ezkertiarrak.

Arriaga Antzokian aurkeztuko den ikuskizunak Gadesek erantsi zizkion espiritu eta jarraibideak bere horretan gordetzen ditu. Stella Arauzo arduratu da antzeztoki gainean hark sentitzen zuena berriz helarazten. Dominique You zuzendari teknikoaren laguntza izan du horretarako, izan ere, Parisko estreinaldian argiztapenaren arduraduna izan zena.

Hamazazpi dantzari

Oholtza gainean, Arauzo bera izango da Carmen, eta bere alboan beste 17 dantzari izango ditu. Adrian Galiari egokitu zaio On Joseren papera jokatzea. Ibilbide nabarmena egin du flamenko dantzari gisa eta Gadesek «taula gainean sortzen zituen sentsazioak» besterenganatzeko lan egin du. «Gogorra izan da, baina Stellari esker lortu dut. Taularatzeko zaila, baina ulertzeko erraza: hori da Antonio Gades», bere oinordekoaren hitzetan. Primitivo Dazak toreatzailearena egingo du eta Joaquin Mulerok Carmenen senarrarena.

Zuzeneko musika izango dute lagun dantzariek: bi gitarra jotzaile eta lau abeslari.

«Gadesen estetika, bere zintzotasuna, bere duintasuna eta dantza ikusteko modua jasotzen ditu bere muinean muntaia honek», Arauzoren esanetan.

Arriaga Antzokian ikusgai izango den ``Carmen'', «duela 25 urteko `Carmen' da, baina XXI. mendean», azaldu zuen, «`Carmen' bizirik dagoelako».

Antonio Gades konpainia, haren obra bizirik iraunarazteko sortu zen. Lehengo konpainiako dantzariez eta interprete berriez osatuta dago. 2005ean Veronan (Italia) egin zuten lehen emanaldia, ``Carmen'' bera, hain zuzen, eta gorespenak izan ziren nagusi. Hil aurretik Fundazio bat jarri zuen abian benetako izena Antonio Esteve Rodenas zuen dantzari handiak, bere legatua babesteko. Haren alabak, Maria Estevez aktoreak zuzentzen du fundazioa, eta konpainia sortzea izan du lehen eginkizuna.

Fitxa

Lana: ``Carmen''.

Zuzendari artistikoa: Stella Arauzo.

Zuzendari teknikoa: Dominique You.

Dantzariak: Stella Arauzo (Carmen), Adrian Galia (On Jose), Primitivo Daza (Toreatzailea), Joaquin Mulero (Senarra).

Tokia: Arriaga Antzokia.

Data: Otsailak 21, 22 eta 23.

Ordua: 20.00.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo