GARA > Idatzia > Kultura

«Gizarte sortzailea» izeneko DVDa plazaratu du MIK zentroak Tabakaleran

p050_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Mondragon Innovation and Knowledge (MIK) MCCren ikerketa zentroak ``Gizarte Sortzailea'' izeneko DVDa aurkeztu zuen atzo. Ikus-entzunezko bilduma dokumentala da, ``Gizarte Sortzailea: Egungo Gizarte Sortzailea Eraikiz'', 2007. urteko Udako Eskolan bizi izandako esperientzietan oinarritua. ``Gizarte Sortzailea'' izeneko ikastaroa EHUko Udako Ikastaroen barnean egin zen.

Aurkezpena egiteko, MIK zentroak Tabakalera gunea aukeratu zuen agertokitzat, etorkizunean «sormenaren fabrika» izango den hori, DVDan aldarrikatzen den gaiaren gune aktibo garrantzitsuena. Ekitaldi horretan parte hartu zuten MIK zentroko Proiektu zuzendaria den Igor Calzadak, MIK zentroko zuzendari nagusi eta Mondragon Unibertsitateko Enpresa Zientzien Fakultateko dekano Lander Belokik, eta Tabakalera guneko zuzendari Joxean Muñozek.

Ikus-entzunezko horrekin, MIK zentroak amaiera eman dio gaikako trilogia sekuentzialaren zikloari. 2005ean hasi zuten, ``Lanaren Etorkizuna'' Udako Eskolaren bidez. 2006an, ``Kapital Sortzailea'' izan zen jarraipena; eta, azkenik, ``Gizarte Sortzailea''ren txanda izan da.

Azken ikastaroaren asmoa zen Euskal Gizarte Sortzailea eraikitzeko gakoak aztertzea. DVD horrek Udako Eskolako hirugarren edizioko une aipagarrienak biltzen ditu. Hirugarren edizio horretan, alor desberdinetako (artea, kultura, teknologia, enpresa, gizartea, zientzia...) hainbat adituk parte hartu zuen, tokiko eta nazioarteko -eskandinaviarrek, esaterako-. Hiru egunez hiru gai jorratu zituzten: ``Gizarte Sortzailea''; ``Artea /Zientzia/Teknologia/Gizartea''; eta ``Euskal Hiria''.

Ondorio nagusia honako hau izan zen: «Ekonomia, gizarte, politika, kultura edota hezkuntza alorreko ekintzak lehenbailehen proposatzeko beharra dago, Euskal Hiria = Euskal Gizarte Sortzailea, irekia, plurala, modernoa eta kosmopolita sortzeko».

Izeneko hizlariak

«Gizarte Sortzailea» saioan parte hartu zutenak hauexek dira: Bernardo Atxaga; Jyri Engeström (Nokia eta Google); Joxean Muñoz (Tabakalera); Paddy Woodworth (idazle irlandarra); Kaos Pilot (Danimarka); FACT (Erresuma Batua); ZKM (Alemania); University of Utrecht (Holanda); eta Gazteen Ekimenerako Kabinetea (Extremadura), besteak beste.

MIK enpresa-kudeaketa aurreratuko ikerketa zentroa da, zehazki, Berrikuntza arlokoa. MCC Fundazioak, LKS, AIC, Ikerlan eta Mondragon Unibertsitateak sortu zuten, 2001. urtean, era guztietako enpresa, erakunde eta instituzioen lehiakortasuna eta garapena sustatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo