GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«Abstentzioa eskatzeak guztioi, euskal gizarteari egiten dio kalte»

p011_f01.jpg

Iñaki Irazabalbeitia | Kongresu espainolerako Aralarreko Gipuzkoako zerrenda burua

Gari MUJIKA | DONOSTIA

Aurretik burututako hauteskunde desberdinetako kanpainen erritmoari tamaina eta neurria hartuta, datozen bozaldietara eroso aurkezten da Irazabalbeitia. Helburu argia baina zaila dute: Madrilen ordezkaritza eskuratzea. Kongresu espainolerako Aralarreko hautagaiak argi azaltzen du bertan euskal herritarroi egunero eragiten dizkiguten gauzak erabakitzen diren heinean, euskaldunak bertan ordezkatuak egon behar dutela.

Kanpainaren jarduera ikusirik, zer nolako itxaropenak dituzue bozaldiotan?

Gipuzkoako seigarren eserlekuaren borrokan egongo garela uste dugu; ez gaude urruti. Hori lortzea guretzat arrakasta bat izango litzateke, baina ez lortzearekin ere ez genuke ezer galduko, egun ez baitaukagu.

Eta zein arazo ikusten dituzue eserleku hori eskuratzeko orduan? Eta zerk pentsarazten dizue postu hori lortzeko aukerarik baduzuela?

Positiboen artean, egiten ari garen kanpaina, eta zabaltzen ari garen mezua kokatuko nituzke. Gure mezua, nik uste, bestelakoa da kanpainan entzun daitezkeenekin alderatuta. Negatiboen artean, seguru asko, EAEko komunikabide ofizialetan beste alderdi handien zaku berean ez gaituztela sartu; modu ezberdinean tratatzen gaituzte. EiTBko Administrazio Kontseiluak, esaterako, irratiko eta telebistako eztabaida guztietatik kanpo utzi gaitu, eta ez gaude batere ados. Halere, oso pozik gaude tokiko komunikabideetan hartu-eman oso ona izaten ari garelako.

Eta, ez al zaizue iruditzen, agian, kanpaina normalegia irudikatzen ari dela, nahiz eta gizarteko sektore handi bat ordezkatuta egoteko aukera berriro ere errefusatu egin duen Madrilek?

Ez nuke hori esango. Normala, itxuraz bai, baina sakonean ez da kanpaina normala horrexegatik. Gu, gainera, etengabe ari gara salatzen, nolabait, ezker abertzale ofizialaren inguruan biltzen den jende horien boto-emaileek beraiek nahi duten pertsonei ezin bozkatzea. Eskubide urraketa izugarria da. Azken 50 urteotan Europa mailan egiten ari den barrabaskeriarik handiena dela ari gara salatzen, milaka herritarrei oinarrizko eskubide bat ari baitzaie ukatzen.

Ez zuek soilik, gainontzeko alderdi abertzaleak ere Alderdien Legearen aurka daudela adierazten dute, eta Madrilen horren aurkako ekimenak abiaraziko dituztela diote, eta diozue. Baina ezin al da Euskal Herrian ezertxo ere egin?

Aralarrek horretan ez dauka zertan lotsarik izan behar. Ni neu naiz kasu bat. Tolosan zinegotzi hautatua izan nintzen, iaz, eta kargurik ez dut hartu. Egoera normal batean EAE-ANVri egokituko litzaioke, eta horrexegatik ez nuen kargua hartu.

Aralarrek pauso praktikoak eman ditu eta bere esku dagoen guztia egiten ari da egoera horiek saihesteko. Beraz, beste alderdi abertzaleek beren erantzunkizuna izango dute, eta eurek esan beharko dute zergatik ez duten jarrera bera hartu.

Eta zer defendatu behar du Madrilen independentista batek?

Lehenik eta behin, euskaldunok erabakitzeko eskubidea praktikan jarri ahal izan dezagun. Zeren eta une hauetan eskubide hori ez zaigu onartu ere egiten. Bestalde, giza eskubideak guztiontzat izan daitezela. Zentzu horretan, Alderdien Legea eta «Parot doktrina» ezabatzea eta Auzitegi Nazionalaren gisako salbuespeneko auzitegiak desaktibatzea. Egunerokotasunean eragiten dizkiguten erabakiak Madrilen hartzen dira, hori errealitate bat da, eta horregatik bertan egon beharra daukagu.

Ezker abertzaleak abstentzio eskaera bat egin du. Kalkulu elektoraletan onurarik ez al dizue ekarriko horrek?

Kontu honen inguruan bi gauza: abstentzio eskaera zilegia da. Baina eraginkorra izateko, gizarteko adostasun maila oso, oso handia egon behar dela uste du Aralarrek. Eta egun ez dago. Abstentzio eskaerak guztioi, euskal gizarteari, egiten dio kalte. Hori paso egitea delako, eta ez gaude paso egiteko garaietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo