GARA > Idatzia > Ikusmira

Rouco Varela, eskubide askoren aurkako ildoaren ordezkaria, irten da garaile

Rouco Varela aukeratu zuten, atzo, Espainiako Gotzainen Batzarreko presidente, Ricardo Blazquezi bi botoko aldea aterata. Pentsa liteke hautaketa hori balioestea katolikoei baino ez dagokiela; hala ere, Estatu espainolean Eliza katolikoaren jardunak eragin sozial eta politiko nabarmena du, haren ildo kontserbadoreena ez baita mugatzen bere eliztarrentzako gomendio edo jarraibideak ematera, eta jarraibide horiek gizarte osoak bere egin ditzan ahalegintzen baita. Eraso bortitzak egin izan ditu azken aldian herritarren askatasun askoren kontra, bereziki zenbait giza kolektibori dagokienez. Homosexualak iraindu, eta haien eskubide-berdintasunaren kontra agertu da. Beste horrenbeste emakumeen eskubideez denaz bezainbatean, nork bere gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidearen kontra; horren ondorioak agerikoak dira, esaterako, abortatzeko eskubidea eragozten dutenean, legeek diotenari muzin eginda. Eta Euskal Herriak bere gatazka politiko zaharra bake eta arrazoizko bidean jartzeko ahaleginak ere oztopo du Eliza katolikoaren ildo hori. Estatu espainolean Rouco Varela da haren ordezkaria. Eta, ondorioz, haren hautaketaren balorazioa ez dagokie fededun katolikoei soilik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo