GARA > Idatzia > Kultura

Irati Elorrietak eta Begoña Torregrosak irabazi dute Gabriel Aresti XXV. Ipuin Lehiaketa

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa Irati Elorrieta algortarrak eta Begoña Torregrosa alacantarrak irabazi dute euskara eta gaztelaniazko modalitateetan. «Post H.Pop» eta «En un cajón del armario» dira saritutako lanak.

GARA | BILBO

Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailak urtero egiten du Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketarako deia, eta 4.100 euroko saria ematen die irabazleei. Bada, Irati Elorrieta algortarra eta Begoña Torregrosa alcantarra izan dira XXV. edizioko sarituak euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan, «Post H.Pop» eta «En un cajón del armario» ipuinei esker, hurrenez hurren.

Horixe izan da Leire Bilbao, Lutxo Egia eta Miren Agur Meabe idazleek osatutako euskarazko epaimahaiaren eta Lucia Etxenike, Sebastiana Rodríguez, Pedro Ugarte, Arantxa Urretabizkaia eta Jose Luis Urrutia idazleek osatutako gaztelaniazko epaimahaiaren erabakia.

Bestetik, Iratxe Esnaola GAUR8ko kolaboratzaile donostiarraren «Zerbait ez doa ondo» eta Igor Arroyo iruindarraren «Haur Jolasak» ipuinek euskarazko epaimahaiak emandako 2.050na euroko akzesitak irabazi dituzte.

Gaztelaniaz, ordea, Kubako Sancti-Spirituseko Cabainguaneko Pedro Luis Rodriguez Molinaren «Los de siempre» eta Madrilgo José Miguel García Martínen «El Gong» lanentzat izan dira akzesitak.

Epaimahaiaren balorazioa

Euskarazko epaimahaiak Berlinen girotuta dagoen «Post H. Pop» ipuin irabazlearen testuaren estetika eta izaera «musikala» nabarmendu ditu. Era berean, akzesita lortu duen «Zerbait ez doa ondo» lanean ere, «une iheskorraren pisu emozionalaren irudikapena» azpimarratu du. Azkenik, beste akzesit bat irabazi duen «Haur Jolasak» ipuinari dagokionez, «prosa arina bezain koloretsua» daukala eta Mexikon girotutako «ikusizko» ipuina azaltzeko gaitasuna duela adierazi du.

Gaztelaniako epaimahaiak, aldiz, «En un cajón del armario» ipuin irabazlearen «idazkeraren naturaltasuna eta plastikotasuna» nabarmendu ditu, «bai eta isilarazi ohi dituzten errealitateko guneen inguruko begirada kritikoa ere». Aurtengo akzesitetako bat lortu duen «Los de siempre» ipuinari dagokionez, epaimahaiak «kontakizunaren giroa» eta «proposamenaren originaltasuna» goretsi ditu. Azkenik, beste akzesita irabazi duen «El Gong» laneko «gaiaren bereizgarritasuna eta umore-kutsua» izan ditu gogokoen.

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan, edozein nazionalitateko idazleek parte har dezakete, beti ere beren ipuinen gaia librea bada, argitaratu gabeko ipuin originalak badira eta beste edozein lehiaketatan saririk jaso ez badute. Lehiaketaren XXV. edizio honetan, gaztelaniako 347 lan eta euskarako 51 lan aurkeztu dira orotara.

Iazko edizioan, ordea, Xabier Altuberen «Aldaera#01» izan zen euskarazko modalitateko irabazlea, eta Miguel Sánchezen «Ojos de color ámbar», aldiz, gaztelaniakoa. Euskarako akzesita orduan ere Igor Arroyok lortu zuen «Jaun-andere txit agurgarriok, agur t'erdi» ipuinarekin, eta Goio Ramosek ere, «Argazkiak» lanarekin; gaztelanian, berriz, Santiago Caseroren «Consuelo» eta Domingo Albertoren «El Matarife» ipuinek eraman zituzten akzesitak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo