GARA > Idatzia > Kultura

Salif keita maliarra, Niger ibaiaren doinu iturri agorrezinaren isla

Salif Keita afrikarrak gaur Donostian joko duela profitatu, eta Maliko musika aniztasuna hartu dugu ahotan, mundu mailako oihartzuna eta arrakasta biltzen ari diren Ali Farka Toure, Toumani Diabate, Amadou & Mariam eta Keita bera aurkezteko.

p064_f01_177x140.jpg

Anartz BILBAO

Aipatutako artisten ibilbideak hasi zirenerako bere gitarra isildua zuen Boubacar Traore jostunak. Kayes hirian jaioa, 60ko hamarkadan Maliko musikaren ikur nagusia izan genuen Traore «Kar Kar» gitarra jolea, bluesa eta kassonké herrikoia joaz. Hogei urteko isilunearen ostean, ibilbide artistikoa berreskuratu eta Habib Kote herrikide eta lagunaren Bamada taldearekin plazaratu eta gero, «Kongo Magni» dugu Maliko bluesmanaren azken lana, 2005ekoa.

Baina hitzegin dezagun nazioarteko World Music zirkuituan azken urteetan puri-purian ditugun Ali Farka Toure, Toumani Diabate eta Amadou eta Mariami buruz. 1939an Kanaun jaioa, etzi, martxoaren 7an, bi urte beteko dira hezurretako minbizi baten ondorioz Ali Farka Toure hil zela. Traoreren hizkuntza bambara bazen, fulaz kantatzen zuen Tourek. Hizkuntza horretan mandoa esan nahi du «Farka» hitzak, eta ezizen hori jarri zioten Ali Toure gazteari, bere burugogorkeria zela eta. Gitarrak ospetsu egin bazuen ere, gaztetxoa zela gurkel (gitarra txikia), njarka arrabita, peul txirula eta n´goni (lau sokako lauda) jo izan zituen.

Maliko irratiko langile zela Otis Redding, James Brown eta Estatu Batuetako beste kantari beltzak entzun zituen eta blues musikak bere arreta bereganatu zuen, afrikar doinuekin zuen parekotasunagatik. Afrikar sustraiak ahaztu gabe, nazioarteko izarrekin elkarlanak burutu zituen. 1991n Taj Mahal musikariarekin «The Source» diskoa plazaratu zuen, eta hiru urte geroago, «Talking Timbuktu» arrakastatsua Ry Cooder ospetsuarekin. Lan honekin lehen Grammy saria lortu zuen gainera. Bigarrena, Toumani Diabate kora jotzailearekin batera plazaratutako «In the Heart of the Moon» lanak eman zion, 2005ean, hil baino urtebete eskas lehenago. 2006ko «Savane» du azken lana.

Ali Farka Toure musikaria bazen, griota dugu Toumani Diabate, ez baita gauza bera. Belaunaldiz belaunaldi, sarritan kora joaz, herriaren eta bertako familien historiaren berri ematen duen olerkaria dugu griota, kantatu baino kontatzen duena (garai bateko bertsolarien antzera?). Gizarte afrikarrean edozein ez da griota izateko gai, eta maila handiko ogibidea da, musikariekin alboratuz. Eta familia ospetsu bateko kide dugu Diabate, hirurogeita hamargarren belaunaldiko griota. Erditik moztutako kalabazarekin egindako hogei sokadun arpa dugu kora, erraz esanda, eta nazioarteko kora jotzaile ospetsuena dugu egun Toumani Diabate. Musikari herrenak Tourerekin ez ezik, Ketama taldearekin aspaldi eta Björk islandiarrarekin iazko «Volta» lanean, eginak ditu makina bat elkarlan. Iaz gurean ere jo zuen, bai Kursaal aretoan bai Getxoko folk jaialdian. «The Mandé Variations» plazaratu berri du.

Diabate herrena bada, itsuak ditugu Amadou eta Mariam senar-emazteak. Mariam Doumbia eta Amadou Bagayoko Maliko itsuentzako institutuan ezagutu eta maitemindu ziren. Musikari ibilbide luzea egina badute ere, batez ere Bagayokok, Manu Chao izarrak 2005ean «Dimanche a Bamako» lana ekoiztu izanak nazioartean sekulako oihartzuna eman zien, afrikar soinuak, afrobeat eta ikutu elektronikoak nahastuz.

Iturri agorrezin, guretzat ezezagunak diren artista berriak sortzen ditu Malik etengabe, eta badira hemen aipatu ez baina dagoeneko, gazte zein zahar, nazioartean beraien txokoa egin dutenak: Oumou Sangare, Nahawa Doumbia eta Rokia Traore emakume kantariak, Issa Bagayogo kamele n´goni jotzailea, Toureren gitarra jotzaile kuttun Afel Bocoum, Habib Koite griota... eta beste asko.

Izan ere, Taj Mahal, Ry Cooder eta beste izar askok Maliko musikariengana jo izana ez baita halabeharrez gertatu. Jakina da eta, antzinako afrikar doinuak Amerikara heldu eta sustrai horietatik blues musika sortu zutela bertan, musika ortzadarra soinuz aberastu eta mundura hedatzeko. Afrikak, kantari eta dantzari jarraitzen baitu.

Fitxa

Kantaria: Salif Keita (Mali).

Data: Gaur. Tokia: Victoria Eugenia antzokia (Donostia).

Ordua: 20.30ean. Sarrera: 16/20/24 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo