GARA > Idatzia > Eskubaloia

Asobal liga Portland San Antonio

Txapeldunen Ligako postua dago jokoan iruindarren eta Ademarren arteko lehian

GARA | IRUÑEA

Asobal Ligako hirugarren postua berreskuratu eta datorren urtean Txapeldunen Liga jokatzeko postua eskuratzea da Portland San Antonioren xedea.

Nafarrek 30 puntu dituzte, hirugarren doan Leongo Ademarrek baino bi gutxiago. Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan 21.00etan jokatuko dute biek, hirugarren postuaren lehian.

Cabanasenek Davor Dominikovicen zalantza dute azken ordura arte. Atzo goizean entrenatu bazen ere, belauneko arazoak direla-eta, erresonantzia egin zioten arratsaldean kroaziarrari.

Joan den igandean Flensburgen aurka Alemanian berdinketa lortu ondoren, «baikor» ei daude nafarrak. «Berdinketak konfiantza eman digu eta etxean jokatuko dugu, final bat bailitzan. Galduz gero, ordea, oso zail jarriko litzaiguke», onartu zuen iruindarren entrenatzaileak.

«Epaileak erostea»

Bestalde, Txapeldunen Ligan Portland San Antonioren talde berean dauden Zagreb eta Hanburgoren arteko partidak sekulako haserrea sorrarazi zion talde alemaniarreko presidente Andreas Rudolphi. Bere iritziz, kroaziarrek «epaileak erosi» egin ei zituzten. Zagrebek 27-26 irabazi zuen neurketa hura

«Erabaki guztiak gure aurka izan ziren: bost penalti eta egotzitako beste sei. Hala irabazi ziguten bai guri, bai Flensburgi», kexatu zen.

Erantzuna berehala jaso zuen Zagrebeko entrenatzaile Lino Cervarren eskutik. «Alemaniako Munduko txapelketan jazotakoaren ondotik, oso gustu txarrekoak dira adierazpenok».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo