GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Begoña Zabala eta Miren Aranguren (*) Mugimendu feministako kideak

Emakumeon askatasunerako bidean... independentzia!

Pairatzen dugun zapalkuntza salatzeko, gure eskubideen aldeko aldarria kaleratzeko, eta emakumeon independentziaren aldeko hautua egiteko hitzordua dugu Emakumeak, langileak eta euskaldunak garelako, zapalkuntza espezifikoa pairatzen dugu

Gaur, Emakumeon Nazioarteko Egunean, euskal emakumeok hitzordu bat daukagu. Pairatzen dugun zapalkuntza salatzeko, gure eskubideen aldeko aldarria kaleratzeko eta emakumeon independentziaren aldeko hautua egiteko hitzordua dugu.

Emakumeak, langileak eta euskaldunak garelako, zapalkuntza espezifikoa pairatzen dugu. Izan ere, batzuetan zorrotz, sarritan sotila den eskubideen ukapen sistematikoaren aurrean aurkitzen gara euskal emakume langileok. Urraketa honen oinarrian sexuen arteko harreman hierarkikoak daude. Sistema patriarkalak eragiten dituen pertsonen arteko botere harremanen ondorioz, sexuaren araberako lan banaketa dugu. Horrela, emakumeoi pribatutzat jotzen den lan esparrua egotzi zaigu, hau da, etxeko lanak eta zainketa lanak. Ordea, esparru publikoa gizonezkoen eremua da. Halaber, familia eredu tradizional eta hegemonikoa botere harreman horien isla dugu. Jendartean, bizikidetzarako harreman eredu bakarra agertzen zaigu, eta heterosexualitatea sexualitatea bizitzeko aukera bakar gisa inposatzen zaigu. Gure gorputzaren burujabetzari dagokionez, hamaika oztoporen aurrean aurkitzen gara. Esaterako, egungo marko juridiko-politikoan aborturako eskubidea urraturik dugu, eta delitu izaten jarraitzen du.

Era berean, emakumeon eskubideen urraketan instituzio publikoen ardura ezin dugu aipatu gabe utzi. Neurri, bitarteko, plan eta lege ezberdinen bidez itxurazko berdintasun politika sustatzen da. Iruñean nahiz Gasteizen Gobernu besaulkian dauden UPNk eta PNVk emakumeon eskubideen urraketa iraunarazten dute. Haien politika neoliberal-patriarkalaren ondorioz, emakumeon bizi baldintzak okertzea elikatzen dute. Botere politiko eta erlijiosoa duen alderdi eskuindar honek emakumeon burujabetza eragozten du. Horren adibiderik nabarmenena da gure gorputzaren inguruko erabakiak hartzeko ezintasuna, alegia abortatzeko ezintasuna.

Lakuako Gobernuko jauntxoek sotilagoa den sexu bereizkeria iraunarazten dute. Ibarretxe jaunaren egunik zoriontsuenetik hona, emakumeon bizi baldintzak ez dira sobera aldatu. Azaleko aldaketekin liluratu nahi gaituzte, eredu patriarkala eta harreman hierarkikoak zalantzan jarri gabe. Baina UPNk eta PNVk zuzentzen duten politika ezinezkoa litzateke PSN, PSE eta NaBai-ren laguntzarik gabe. Izan ere, PSOEren diskurtsoak praktikarekin ez duela bat egiten berretsi egin dugu azken egunotan. Hauteskunde kanpainan zehar ikusi izan dugu aurrerakoia omen den PSOE bat. Legealdian zehar onarturiko berdintasun politikaren aldeko neurri eta lege ezberdinen bidez emakumeak liluratu nahi gintuen, baina aldi berean mundu osoan aitorturik dagoen emakumeon eguna urratu nahi du. Espainiako Langileon Alderdi Sozialistak berdintasunaren aldeko mezua eta irudia kaleratzen duen bitartean, Emakumeon Nazioarteko Eguna egutegitik ezabatu nahi du. Euskal Herriko hainbat herri eta auzoetan egonen diren emakumeon eskubideen aldeko mobilizazioak eragotzi nahi ditu PSOEk. Bozka gehiago lortzeko emakumeon aldeko diskurtsoa baliatu, baina, aldi berean, emakumeon hitza eta aldarriak isildu.

Baina asteburu honetan islatuko den eragozpen bakarra ez da aipatutakoa bakarrik izanen. PSOEk ez ditu isilarazi nahi soilik emakume askoren oihuak, aldarrikapenak eta alternatibak. Martxoaren 9an ere, herri honetan bizi garen milaka herritarron hitza urratu nahi du. Horrexegatik, Euskal Herria proiektu gisa duen indar politiko bakarra PSOEk legez kanpo utzi duen honetan, inoiz baino beharrezkoago zaigu emakumeoi kalera irtetea, emakumeon burujabetza aldarrikatzea eta herriaren independentzia borrokatzea. Inposatu diguten marko juridiko-politikoak emakumeon eskubideak eta jendartearen eraldaketa bideraezinak egiten dituelako, marko horren topeak altxatu behar ditugu.

Euskal emakumeok egun bizi dugun errealitatetik errealitate berri batera pasatzeko eraldaketa prozesua behar dugu, eta hau burutzera goaz. Inposatu diguten markoa gainditu, eta emakumeoi dagozkigun eskubideak gauzatu ahal izateko (errealak bilakatzeko, alegia), bitarteko demokratikoak eskainiko dituen marko berria eraikitzera goaz.

Hortaz, emakumeak, langileak eta euskaldunak garelako, Emakumeon Nazioarteko Egunean eta Espainiako hauteskundeen egunean euskal emakumeei gure eskubideen alde borrokatzeko deia egin nahi diegu. Emakumeon independentzia eta gure herriaren independentzia ozen aldarrika eta borroka dezagun.

(*) Begoña Zabala eta Miren Arangurenez gain, Izaskun Guarrotxena, Elixabete Etxeberria, Miren Conde eta Itziar Lopategik sinatzen dute artikulua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo