GARA > Idatzia > Kultura

Kutxaren arte ondareari erantsitako azken lanak, «Bilduma dinamikoa»n

Vicente Ameztoy, Ricardo Baroja, Ascensio Martiarena, Dario Urzay, Andres Nagel, Isabel Muñoz edo Carlos Añibarroren mailako hainbat artista ospetsuren obrak biltzen ditu Kutxak gaur irekiko duen erakusketak. Finean, 2005-2007 urte bitartean Kutxaren funtsen osagai bilakatu diren artelan esanguratsuenak dira «Bilduma dinamikoa»ren protagonistak. Aurkeztutako 120 obretatik, 77 erosketa bidez eskuratu ditu; gainontzekoak, aldiz, lagapenetatik datoz.

p054_f01_203x116.jpg

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Kutxaren arte ondareari gehitu zaizkion azken obrak ezagutzera emateko asmoz Donostiako Boulevard Aretoek «Bilduma dinamikoa» izenaz bataiatutako erakusketa eskaintzen dute gaurtik aurrera, eta datorren apirilaren 13a bitartean. Ekimena osatzen duten 120 obretatik, 77 Kutxak erosketa bidez eskuratu ditu, eta gainerakoak, 43, erakundeari egin zaizkion hainbat lagapenen fruitu dira.

Bada, bisitariak areto nagusian erosketen bitartez lortutako artelanekin egingo du topo lehenik. Horien artean, badira 31 margolan, 29 marrazki, hamaika eskultura, lau argazki eta bi argazki bilduma. Eta autoreei dagokienez, itzal handiko izenak aurkituko ditu; hala nola, Vicente Ameztoy, Ricardo Baroja, Antonio Valverde, Jesus Mari Corman, Don Herbert, Ascensio Martiarena, Dario Urzay, Koldobika Jauregi, Isabel Muñoz, Andres Nagel edo Carlos Añibarro.

Alicia Fernandez arte-kritikaria da erakusketako komisarioa. Atzoko aurkezpen eta bisita gidatuan laburbildu zuenez, finean, gau egungo euskal artearen historiaren panoramika nabarmena da «Bilduma dinamikoa», eta gipuzkoar sorkuntza hurbilenarekiko arreta berezia erakusten du, bertako artista gailenen presentziaren bidez.

Erakusketako obrarik esanguratsuenen artean, adibidez, Ricardo Baroja y Nessi (Minas de Riotinto, Huelva, 1871-Bera, Nafarroa, 1953) pintorearen lan bat aipatu zuen Fernandezek. Orain, «oso goieskoa» den haren «Alegres mascaritas» izeneko olio margolana bildu zaie lehendik Kutxaren jabetzakoak ziren beste lau oleoei.

Osterantzean, besteren artean, Ascensio Martiarenaren (Donostia, 1883-1966) «Desde mi estudio de Txabolgorri. San Sebastián con nieve» olio margolana gehitu die Kutxak bere funtsetan zituen zazpi obrei.

Dario Urzay (Bilbo, 1958) «Topograma» (2007) izeneko argazki ikusgarri batek ordezkatzen du Boulevard Aretoetan, eta Isabel Muñoz (Bartzelona, 1950) «Tribu Hammer» argazkiak, Omer River seriekoak. Bestalde, Koldobika Jauregiren (Alkiza, 1959) «Ezer» pieza ere, burdin forjatuz egina, ikus daiteke aretoan, baita Josune Amunarrizen (Hondarribia, 1942) 15 piezez osatutako «Quasares» bezalako serie ugariren bidez aurkeztutakoak ere. Juan Luis Baroja Collet (Le Creusot, 1957), Andres Nagel eta Jesus Mari Corman donostiarrak, zein Iñaki Olazabal andoaindarra ere presente daude; azken hau «Paisajes» izeneko obren eskalada handiko zinkez egin piezen maketen bidez.

Beste bi areto gehiago ere baliatu dira erakusketa honetarako, eta horietan bildu ditu Kutxak bere arte funtsei lagatako beste 34 margolan, bost marrazki, hiru eskultura eta argazki bat; egileen artean, besteak beste, Mamen Arruti, Jose Manuel Bielsa, Tomas Hernandez Mendizabal edota Jose Luis Urdanpilleta artisten lanak nabarmentzen dira.

Fernandezek azaldu zuenez, 2005 eta 2007 urte bitartean Kutxako Aretoetan beren sorkuntza ikusgai izan dute orain presente dauden artista horiek. Hala, espazioa baliatu ondoren, trukean artelan bat Kutxaren funtsean utzi ohi du bakoitzak. Horren ondorio da, neurri handi batean, erakusketa honen izaera anitza, diziplina eta estilo ugaritako lanak aurkituko baititu bertan bisitariak; artista bakoitzeko, bana. Lagapenak diskurtso tematikoaren harira sailkatzen saiatu dira. Arrantza portuak, loreak edo paisajeak ez dira falta, ikuspuntu erreal zein abstraktua baliatuta.

KATALOGOA

Erakusketaren izenburu bera duen katalagoa ere kaleratu dute. Besteak beste, Alicia Fernandez komisarioaren testu bat dauka argitalpenak, baita bildumari 2005-2007 urte bitartean erantsitako obren katalogazioa ere.

Fitxa

Izenburua: «Bilduma dinamikoa». Non: Donostiako Kutxa Boulevard Aretoetan (-1, 0 eta 1 gelak). Noiz: Apirilaren 13a arte. Ordutegia: Astelehenetik igandera, 11.30-13.30/17.00-21.00.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo