GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Emakumearen nazioarteko eguna

Gizarte aginduei desafio eginda

Martxoak 8. Emakumeek beren eskubideak aitortuak izan daitezela eta berdintasun formala erreal bilaka dadila kalean aldarrikatzeko eguna da hau. Zenbaitek eguneroko bilakatu dute martxoaren 8a isilean egiten duen lanaren bidez, gizarteak gizon eta emakumeei ezarritako bizitza ibilbideei egiten baitiete erronka.

p012_f05.jpg

Aspaldian, orain urte asko hainbat emakumek gizarteak ezarritako balio eta aginduek kalte egiten zietela jabetu, eta horiei aurre egiteari ekin zioten.  Irakasle eta eredu izan ziren haiek ondoren etorritakoentzat, baita azken horiek  mamitu zireneko belaunaldientzat. Bidea luzea izan da, malkartsua, eta oraindik ere, martxoaren 8 honetan beste behin nabarmenduko dutenez, egiteko eta lortzeko asko dago, besteak beste, lan munduan.

Orain gutxi, otsailean, Emakumeen Mundu Martxarako Euskal Herriko plataformak, eskubide zerrenda bat kaleratu zuen, Euskal Herrian bizi diren Emakumeen Eskubide Karta. Orotara, hemeretzi eskubide jaso zituzten han, tartean, «lanean aukera berdintasunean parte hartzeko, sartzeko, orientatzeko eta prestatzeko» eskubidea.

Egun, lan munduari erreparatuta, emakume eta gizonen arteko banaketak ezberdina izaten jarraitzen du, eta hala jarraituko duela dirudi, unibertsitate arloan ikasketa teknikoetan dagoen mutil kopuru handiari, edota osasun arloko ikasketetan emakumeek duten nagusitasunari erreparatzen badiogu bederen. Etxean, eskolan, lagunartean... gizarteak, oro har, oraindik neska-mutilei bide zehatzak ezartzen dizkie; zehaztu egiten du zer den «mutilena» eta zer «neskena». Lan mundua emakumeei zabaldu arren, hainbat zirrikitu mutil zein gizonentzat soilik utzi zituen. Emakumearen Nazioarteko Egunean, GARAK zirrikitu horietan muturra sartu duten hainbat emakumerekin egon nahi izan du, azken asteetan.

Lau protagonistak, gogor saiatu dira aukeratutako lan arloan zirrikitua egiten. Laurogeiko hamarkadan ekin zion Ino Galparsorok politika alorrari. Ondo gogoan du, ez politikan, ezta beste arlo batzuetan ere, emakumeek ez zutela kargurik gaztetxoa zenean; hori bai, orduan ere emakumeek lana gogotik egiten zuten.

Txikia zenetik omen zekien Carmen Jarenek nekazaritzarekin zerikusia zuen zerbait egingo zuela, eta horregatik hasi zen Ingenieritza Agronomoa ikasten. Ez dira ikasketa errazak, baina amaitu eta lan mundura salto egin nahi izan zuenean topatu zituen zailtasunik handienak. Curriculum oparoa bai, lan egiteko gogoa eta prestutasuna ere bai... baina lanik ez; eta, bitartean, ikaskide izan zituen mutilak lanean.

Urte batzuk geroago erabaki zuen Helène Mendibourek bere proiektu propioak garatu eta enpresaburu hastea. Etxean, lan lasaiago baten alde egiteko gomendatu zioten; baina, besteak beste, kanpoko aginduak jarraitu behar ez izateak bultzatu zuen bide hau aukeratzera.

Gaztetxoa da Zuriñe Gil, baina futbolaren elitean dago jada. Athletic futbol taldean jokatzen du, eta bere taldekideekin batera hainbat txapelketa eta titulu irabazi ditu dagoeneko. Jokatzeko eta entrenatzeko tartea bilatu behar du, baina ikasketak baztertu gabe. Oraindik, mutilek ez bezala, elitean jarduten duten emakumezko futbolariek ezin dute, kasurik gehienetan behintzat, maila profesionalean aritu.

Aspaldian, orain urte asko emakume ugarik egindako lehen urrats haiek bide oparoa zabaldu zuten, eta egun haiei jarriki eta oharkabean, irakasle eta eredu lanetan ari diren emakume asko dago. Akaso, hauek egindako lanari esker gero eta neskatila gehiagok esango diete gurasoei: «Nik politikari, nekazaritza makinarian aditu, enpresaburu edo futbolari izan nahi dut».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo