GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Emakumearen nazioarteko eguna

Ino Galparsoro Arrasateko alkatea «Ez dugu gizonena errepikatu behar, geure eginkizuna bete behar dugu»

p012_f01.jpg

Ino Galparsoro Arrasateko alkatea da, baina hori baino gehiago ere bai, jatorriz beasaindarra den 60 urteko emakume hau Arrasatek duen lehenengo emakumezko alkatea baita. «Betidanik ibili naiz ‘politikeoan’, gazte garaian frankismoaren aurka, gero, lan munduan, bereziki kooperatiban, euskara arloan eta Kontseilu Sozialean, eta hango lagunen bitartez sartu nintzen lehenengo udal hauteskundeen zerrendan», kontatu digu, pasa den hilabetean udaletxeko bere bulegoan egindako elkarrizketan.

Eginda zituzten aurreikuspenen arabera, ez zuen zinegotzi kargurik lortuko Galparsorok, baina «halabeharrez» sartu zen Udalean: «Seigarren joan nintzen zerrendan, eta gure apustua 4 zinegotzi lortzea zenez, lasai nengoen… Baina Herri Batasunak arrakasta itzela izan zuen hauteskunde haietan Arrasaten, eta, lau beharrean, bost eserleku lortu genituen; legealdiaren erdian, berriz, zinegotzi batek, osasun arazoak zirela medio, utzi egin zuen kargua, eta neurea zen hurrengo izena».

Zalantza sortu omen zitzaion kargua hartu behar zuenean, ardura eta denbora  eskatuko ziola argi baitzuen. Gainera, Udal lanaz gain, kooperatiban aritzen zen Galparsoro lanean. «Talde lana zenez, azkenean ausartu egin nintzen, eta gaur arte, modu batean edo bestean, udal korporazioan sartuta egon naiz», azaldu du.

Galparsorok pauso hura eman zuenean, ez zen hain ohikoa emakumezko politikariak ikustea. «Ez ohiko bakarrik… ez zegoen emakumezkorik geure inguruan, ez politikan, ezta bestelako karguetan ere, baina lanean bai. Ni baserri girokoa naiz eta ama eta inguruko emakumeak egun guztian lanean ikusten genituen, baina kargurik izan gabe».

Horiek hala, nola hartu zuten etxean erabakia? «Ez poz handiarekin, egia esan… Nire borondatea zenez, errespetatu egin ninduten, baina horrek denbora aldetik suposatu zezakeenaren aurrean, arduraz edo deserosotasunez hartu zuten berria», zehaztu du.

Udal laneko lankideen aldetik jasotako tratuaren inguruan ere mintzatu da. Hasiera hartan ez zuen bazterkeriarik sentitu, hala nabarmendu du: «Lana gogor egitea tokatu zitzaigun denei, erreferentzia gehiegirik ez geneukan, eta dena zegoen egiteko. Ordura arte Udal honetatik pasatutako Udal Gobernuek, egia esan, ez zizkiguten gauzak bideratuegi utzi, eta geure artean ez zen egon tratu diskriminatzailea emateko betarik. Neu nintzen  emakume bakarra legealdi hartan, baina aurrekoetan ere emakumeren bat egon zen, eta ni neu ere taldeko bat gehiago sentitu nintzen».

Urte hauetan guztietan politika arloan eta emakume gisa izan duen eginkizunaren gainean, badu kezkarik: «Askotan sentitzen dut ‘gizonena’ izan den munduan sartu naizela, baina emakumeen ekarpena egin beharrean, gizonek egin ohi dutena errepikatu dudala. Nik neuk gainditu beharrekotzat ikusten dut nik hori». «Emakume izaera konplexua» guztiz alboratu ez duen sentimendua duela dio, eta emakumeek gizarte honetan bete beharreko eginkizuna, emakumeena berena dela uste du, ez gizonena.

Politika arloan bai, kooperatiba munduan ere luze jardundakoa da. Erronka egin nahi izan al diezu horiek ‘gizonen gauzak’ direla uste dutenei? «Akaso norbaitek pentsatuko zuen, baina niri ez didate aurpegiratu horrelakorik. Ziurrenik bateren batek esango zuen ez nuela nahiko etxean, eta ‘kanpoko’ gauzak konpontzen ibili behar hori ez zela normala, baina neuri, zuzenean, ez didate leporatu». Bere kasuan argi du, ibilbide hau egitera bultzatu zuena zer izan zen, «beste askok egin duten bezala» konpromiso pertsonala hartu nahi izana. «Noski, feminismoaren hastapenen garaikoa ere banaiz, eta beti errebeldia puntu hori izan dut gizarte hau aldatu nahi izateko», nabarmendu du.

Gaur egun hauteskundeetarako zerrenda parekideak egitea beharrezkoak da, baina horrek gauzak erraztuko ditu? «Zoritxarrez diskriminazio positiborik gabe aurrerabideak askoz zailagoak dira, baina legeak tresna izan behar du gizarteak bere eskemak aldatzeko, eta horrek borondatearekin askoz zerikusi handiagoa du». Beraz, legea bai, baina ahalbideratzeko neurriak ere behar-beharrezkotzat jotzen ditu.

Egoera politikoaren arloan, lehen pausoak eman zituenetik, asko hobetu dela dio eta, beraz, ez du bere burua eredu gisa ikusten. «Ziur nago ez naizela ‘eredu’ gaur egungo emakume gehienentzat; ni aspaldikoa naiz, eta gaur egun, zorionez, bestelako normaltasunez bizi dute emakumeek beren papera nahiz eta oraindik asko izan egiteko».

Hala eta guztiz ere, beretzat esanahi berezia du Arrasateko lehen alkate izateak eta ardura handiz hartu duen kargua izan da, baina nabarmendu nahi izan du legealdi honetan Arrasateko Udalean dauden 21 hautetsietatik, hamar emakumeak direla, eta aitortu duenez, «horrek berez eraldaketa suposatzen du».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo