GARA > Idatzia > Kultura

Agotekin auzolanean, «Kalamidadiak» egin du Morauk, bere diskorik biribilena

Arazoei aurre egiten hasteko, ozen aipatu behar omen dira. Horixe egin du Morauk disko berrian, bere inguruko «kalamidadiak» zerrendatu eta kantu bana egin die. Gero, Agotekin batera landu ditu, auzolanean.

p055_f01_097x136.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

Torturaren aurrean ezikusiarena egitea, kontsumismoa, den-dena porlanaz eta asfaltoz betetzeko grina edota lan-istripuak dira Andoni Tolosa «Morau»k bere inguruan sumatu eta disko berrian islatu dituen «kalamidadeetako» batzuk.

Ohi bezala, ironia da hernaniarrak bere salaketa-lanean maizen erabiltzen duen tresna. Ironia samurra, gehienetan. Esaterako, presoen sakabanaketari buruzko kantuak «Road movie» du izenburua. Baina garratza izaten ere badaki. Adibidez, beste kantu batean honakoa dio: «Nire aitaren autoa defendituko dut/ sikatearen kontra/ lukurreriaren kontra/ defenditu eginen dut nire aitaren autoa».

Garbi hitz egiten du Morauk, zuzen, «oraingoan beharbada inoiz baino zuzenago, gainera», berak aitortu duenez, baina ez oihuka. Nolabait esateko, bere kantuek ez dute himno edo slogan bihurtzeko bokaziorik.

Guztira, hamabi dira «Kalamidadiak» osatzen duten kantuak. Horietatik hamar Morauk idatziak eta beste biak, berriz, «Mendian gora» eta «Lore etxean» dira, Amuriza-Imanol eta Balerdi Balerdirena, hurrenez hurren. Horrela, euskal kantagintzan arrastoa utzi duten sortzaileak omentzeko joerari eusten dio hernaniarrak.

Orain arte idatzitakoak konstante bat izan dira Morauren ibilbidean duela hamabost bat urte kantautore hasi zenetik. Baina Agotekin batera aurkeztu berri duen «Kalamidadiak» diskoa entzuten duenak, konstante horiek ez ezik, berrikuntzak ere aurkituko ditu. Eta berrikuntza horiei esker, orain arte plazaratu dituen bost diskoetatik «helduena, biribilena» «Kalamidadiak» dela esan du Morauk, «ezbairik gabe».

Eskarmentua izango da, noski, heldutasun horren arrazoietako bat -urteak ez dira inorentzat alferrik pasatzen-, baina beste arrazoi bat, kasu honetan beharbada garrantzitsuena, «auzolana» da. Izan ere, «Kalamidadiak» auzolanean egin dute.

Aurreko diskoa «Txukalda» izan zen, Morauk Agotekin egin zuen lehena. Hura kantautorearen lehen talde-lana izan zen, eta orduan hasitako talde-bidean nabarmen sakondu du «Kalamidadiak»en. Kantuak berak idatzi ditu, ohi bezala, baina hasiera-hasieratik ondu ditu entsegu lokalean Agotekin, hots, Beñardo Goietxe, Jexux Agirresarobe eta Igor Mendiarekin.

«Pop-rockeroagoa»

Beharbada talde-lanaren ondorioz, country ukituko «Txukalda» hura baino pop-rockeroagoa atera da «Kalamidadiak». «Pop-rocka beti jorratu dudan bidea da, baina oraingoan lotsarik gabe egin dut», ohartarazi du Morauk berak.

Heldutasunean eragina izan duen beste faktorea diskoa grabatzeko orduan lasai ibiltzeko aukera eduki izana da. IZ estudioetan egin dute, Hector Lealen ardurapean. «Oso baldintza onetan egin dugu lan, hilabeteak pasatu ditugu diskoa egosten», esan du kantariak. Jexux Agirresarobe baxu-jotzaileak ere ekoizle-lanak egin ditu. Horren guztiaren ondorioz, lortu nahi zuten soinua lortu dute. «Soinu garbia, sinple baina eragingarria; une honetan eman dezakegun maila eman dugu», laburbildu du Morauk.

Diskoaren alde grafikoa ere auzolanean landu dute. «Txukalda»n bezala, Iñaki Martiarena «Mattin» izan da marrazkilaria eta diseinatzailea, berriz, Aitziber Elorza. «Mattin»ek, gainera, lehen aldiz animazio bat egin du, eta animazio hori diskoaren bideoklipa bihurtu da. Euskaltube.com webgunean ikus daiteke, Morau ta Agotak bilatuta.

Apirilaren bukaera aldean hasiko dira «Kalamidadiak» zuzeneko emanaldietan aurkezten. Hor ere berrikuntza bat egin dute, baterian, diskoa grabatu duen Igor Mendiaren ordez, Ander Barrenetxea arituko baita.

Fitxa

Izenburua: «Kalamidadiak».

Egileak: Morau ta Agotak; Andoni Tolosa (gitarra akustikoa eta ahotsa), Beñardo Goietxe (gitarra elektrikoa eta ahotsa), Jexux Agirresarobe (baxua), Igor Mendia (bateria)

Grabaketa: IZ estudioetan, Hector Leal eta Jexux Agirresaroberen aginduetara.

Diskoetxea: Gaztelupeko Hotsak.

Salneurria: 14,45 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo