GARA > Idatzia > Kultura

Kupelak «jendeari erraz sartzeko moduko» 15 kantu bildu ditu «Pagotxa» diskoan

p055_f02_.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

«Alaitasuna eta jai giroa» kutsatzen duten hamabost kanturekin itzuli da Kupela taldea.

Diskoaren izena «Pagotxa» da, eta, bertan, hein batean erromeriaren errege egiten lagundu dien `Kupela' kantaren remixa ere bildu dute. «Jendea `Kupela' abestiaren leloarekin geratu zen, jendeak gogoratzen duen kanta da, eta horregatik egin nahi izango diogu omenaldi moduko hau. Lan modernoagoa da, Kaki Arkarazoren estudioko lan handia duena eta iraganera ere joateko aukera ematen diguna», esan zuen Anjel Larrañagak.

Ingelesezko hitzak ere tartekatu dituzte, gainera (Barrel, barrel, is the cyder's hotel/ barrel, barrel, look after yourself). Izan ere, «New York Times» egunkariko kazetari batek Euskal Herriko sagardotegi batera egin bidaian kanta hauxe entzun eta ondoren egunkarian kantaren hitzak ingelesez kaleratu zituen, «gureak ere transmititzeko balio duela adierazten du», esan zuen Elkarreko Anjel Valdesek.

Ehun emanalditik gora

Kupela, hala eta guztiz ere, kantu bakar bateko taldea baino askoz gehiago da. Ezin ahaztu daiteke taldeak, erromeria «krisian» dagoen honetan, urteko ehun bat emanaldi egiten dituela, eta «Gau giro» aurreko diskoa baino lehenago ere, Epelde eta Larrañaga izenarekin, beste hiru lan dituztela kalean. «Kupela» bezalaxe gainontzeko hamalau kantuak ere alaiak dira, «jendeari erraz sartzeko modukoak», esan zuen taldeko beste kideetako batek, gazteenak, Xabier Alberdi «Zabale»k. Hirugarren taldekidea Juan Ezenarro «Berastegi» da.

Diskoa «Txakoliña» kantuak irekitzen du, «Getariako txakolina ere bertakoa denez, horri ere omenaldia egin nahi izan diogu», argitu zuen Larrañagak. Bada, Bizkaira zabaltzeko grinak bultzatuta, «Urkiola» izeneko kantu «polita» ere; «Estatu Batuak» izenekoa, han ere egonak dira-eta, diskoaren azalean taldekideek hartutako cowboy itxurak agertzen duen moduan; Nafarroari begirako «Baztan», «bertan ere parranda asko eginak baikara»; edota «Larunbat goizaldera» kantua.

Izan ere, Kupelakoei erromerietan jo aurretik bapo afaltzea gustatzen zaie, ondoren «goizaldera arte eutsi ahal izateko».

«Afariarekin batera erromeria inguruan txosnak egotea ere garrantzitsua da», esan zuen Anjel Larrañagak festa antolatzaileei keinu eginaz.

Fitxa

Taldea: Kupela.

Diskoa: «Pagotxa».

Argitaletxea: Triki Elkar.

Grabaketa, nahasketak, masterizazioa eta produkzioa: Mikel F. Krutzaga.

Diseinua: Unai Arana.

Salneurria: 16 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo