Energia hidroelektrikoak 500 GWh ekoizten ditu EAEn
GARA |
Energia hidroelektrikoaren bidez, urtero 100 GWh ekoizten dira Gipuzkoan eta 500 GWh EAEn, gutxi gorabehera, Giwatt elkarteak ezagutzera eman duenez.
Jatorri hidroelektrikoko energia berriztagarriaren ekoizle txikiak biltzen dituen elkarte honek ohiko batzar nagusia egin du berriki Oñatiko udaletxean; han, jarduerari eragiten dioten gai nagusiak izan zituzten hizpide, besteak beste, sektore elektrikoaren Estatu mailako antolaketa eta plan hidrologikoak.
2007ko ekitaldiko jarduera memoriaren azalpenean Giwatteko presidente Patxi Lakuntzak gai hauei dagozkien xehetasunen azalpena eman zuen: Estatuko sistema elektrikoaren jaruderaren antolamenduari buruzko 661/2007 Errege Dekretuaren aplikazioa, Giwatten parte hartzea Euskadiko Uraren Kontseiluan eta Uraren Agentzian eta Plan Hidrologikoa Uraren 2000/60 Esparru Zuzentaraura egokitzea.
Elkarlana
Plan Hidrologikoaren kasuan, administrazioarekin hitz egin eta elkarlanean aritzeko ildoa jarraitzea adostu zen.
Elkarteak adierazi duenez, lanean jarraituko du eragile guztiekin, pribatu nahiz publikoekin, «ingurumen arloko arazoen konponbide bakarra ahalegin sektorial guztiak modu koordinatuan bateratzea delakoan. Kasu honetan, bat gehi bat bi baino askoz gehiago baitira», adierazi zuen Patxi Lakuntza Giwatteko presidenteak.