Martxoaren 8a, aitorpen formaletik gauzatze errealerako bidean
Aurtengo Emakumearen Nazioarteko eguna berezi bihurtu du, Nafarroan batez ere, hauteskunde egun baten bezpera izateak edo, hobeto esanda, hauteskundeak haren biharamunerako deitzeak. Horrek agerian uzten du berdintasunaren aldeko diskurtsoa hitzetik hortzera darabilen gobernu batek egun honek aldarrikatzen duenari norainoko garrantzia ematen dion. Gobernu horren Nafarroako Ordezkaritzak lehenik, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak ondoren, gaurko mobilizazioak debekatzeak ez du zalantzarako tarterik uzten. Emakumeen bazterkeria, urtero haietako hainbat heriotzarekin zigortzen duen indarkeria salatzeko elkarretaratzeak hauteskunde aurreko hausnarketa-egunaren atzean jartzeak lehentasunen hurrenkera bitxia azaleratzen du. Martxoaren 8ko mobilizazioak beste egun batera aldatzea emakumeenganako begirunerik eza eta haien egoeraren larritasunak bigarren mailako arreta eskatzen duela adieraztea da.
Emakumeen kontrako bazterkeria salatzeko eguna da gaur. Emakumeek eskubide berdintasunaren aldeko borroka luzean, urtero beren oihua ozenago egiten duten eguna. Baina emakumeen borroka, eskuarki isila bada ere, egunerokoa da, haien aurkako erasoak ere egunero gertatzen baitira arlo eta leku guztietan: bai lan munduan, bai etxean; hala kalean, nola kirolean. Gizarteak eta instituzioek berdintasuna onartzen dute. Legeak ere badira berdintasun hori bermatzeko eta emakumeen kontrako indarkeria eta bereizkeria saihesteko. Baina aitorpen horrek eta lege horiek ez dute egunetik egunerako bizimoduan islarik. Errealitatea gaur, eta Martxoaren 8 honen ondoren, eguneroko emakume jipoituak dira, lanpostuetako bereizkeria, legez babestua omen den abortatzeko eskubidea ukatzea...
Emakumeen borrokak oraindik ibilbide luzea du aurretik. Eta ibilbide horretan heziketa funtsezko elementua da, funtsezkoa izan baita heziketa egungo egoera normaltzat jotzeko. Umetatik ezartzen zaizkie neska-mutilei rol berezituak, ezberdinak eta, horien bitartez, bizimodu ibilbide zehatzak marrazten zaizkie. Bereizketak egiten dira umetan eta, ondorioz, bereizketak sumatzen dira helduago direnean, bai unibertsitatean, bai lan munduan. Noiz ikusiko dugu emakumeek duten gaitasuna eta balioa behingoz ezagutua? Noiz ikusiko ditugu emakumeen eskubideak aitortuta ez ezik, gauzatuta ere?