Beste tranpa bat ekiditera, Vidal eta Mickeal gabe
J.O. | GASTEIZ
Pete Mickeal eta Sergi Vidal kapitaina gabe egin beharko dio aurre Baskoniak gaur arratsaldean Polaris Murciaren aurkako beste «tranpa» bati. Lesioek eta bestelako arazoek eraginda, ibilbide erregular bat hartu ezinda dabil Baskonia oraindik orain, eta galtzeko asko eta irabazteko asko duten partida horietako bat izango da gaur Zurbaon jokatuko dena.
Lietuvos Rytasen aurka Simas Jasaitisek kolpe handia hartu zuen; zorionez, lituaniarrak ez du lesio larririk eta jokatzeko moduan izango da, baita ere, aurreko astean jokatu ez zuen Igor Rakocevic. Era berean, James Singleton estatubatuarrak ere ahal izango du jokatu, Euroligan berragertu ostean, Pete Mickealen lekua hartuko baitu.
Denboraldian gehitxo izan dira talde apalen aurka gasteiztarrek pasatako estuasunak. Hara, urrutira joan gabe, igandekoa ViveMenorcaren aurka. Aspaldiko partez garaipen erraz bat eskaini nahi diete beren jarraitzaileei. Gainera, gaurko partidak mendeku usain apur bat ere badu Spahijarenentzat, izan ere, joaneko partidan 88-82ko emaitzaz galdu baitzuten. Murtzian, Baskoniako jokalariak izandako Diego Fajardo, Oscar Garcia eta Lou Roe egongo dira.