GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoak

Ezustekoa izan da Garaten

Dirua Sorhueten eta Ezkurraren alde atera zen nabarmen, baina Xalak eta Waltarik irabazi zuten

XALA-WALTARI 40

SORHUET-EZKURRA 38

Jon LEUNDA | DONIBANE GARAZI

Ezustea izan zen atzo Garat trinketean, Xalak eta Waltarik lortu baitzuten garaipena. Neurketa hasi aurretik, dirua nabarmen zegoen Sorhueten eta Ezkurraren alde, baina atzo batek baino gehiagok etxeratu behar izango zuen poltsikoak hutsik zituela.

Ikusmin handia piztu zuen norgehiagoka honek. Gauza erakargarri asko zeuden. Xala berriro ere trinketean ikusteaz gain, beste behin ere Waltariren eta Ezkurraren arteko dema zegoen tarteko, nahiz eta atzoko partidak orain dela bi asteko Buruz Buruko finalarekin zerikusi gutxi izan. Gainera, Waltari atzean aritu zen atzo, eta Garat ez da berari ongien doakion trinketea.

Atzoko partida, ordea, berezia izan zen, galtzaile irten zen bikotean izan baitziren gaueko pilotaririk onena, baita kaskarrena ere. Paxkal Ezkurrak partida handia egin zuen bitartean, Sebastien Sorhuetek ez zuen bere maila eman.

Norgehiagoka estu hasi zen, baina faboritoak, apurka-apurka tartea zabaltzen hasi ziren, eta azkeneko hamar kintzera arte horrela ibili ziren, Sorhuet eta Ezkurra aitzinetik beti.

Hor, ordea, berriro ere berdintzera heldu ziren, eta pare-parean joan ziren, hain zuzen ere, azken berdinketa, 36 eta 36, egin zuten arte. Hortik aurrera, partida osoan lehen aldiz aurreratu ziren Lekuinekoa eta Kubakoa. Ez zuten barkatu, eta amaieran garaipena erdietsi zuten.

Xalak eta Waltarik oso partida serioa egin zuten. Lapurtarrak jarritako erritmoari jarraitu zion amerikarrak, eta hala, oso neurketa ona egin zuen, atzean jokatu duenik eta onenetakoa.

Beste aldean, Paxkal Ezkurrak sekulako neurketa egin zuen. Agian oraindik ez du berreskuratu lehen zuen freskura hori, baina Urruñakoa bikain aritu zen, eta ia dena ongi egin zuen. Sebastien Sorhuetek, ordea, ez zuen gaurik aproposena izan. Atzeko laguna ongi aritu arren, ez zen haren maila berean aritu, eta hortik egin zien ihes atzoko norgehiagokak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo