GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Biarritzek berean jarraitzen du

Lapurtarrek lehen zatia oso txarto jokatu zuten, eta etxeko taldeak horixe aprobetxatu zuen norgehiagoka erabakita uzteko

CASTRES 26

BIARRITZ 19

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Biarritzek berriro ere huts egin zuen atzo, eta laugarren postuan jarraituko badu ere, atzekoak gerturatu egingo zaizkio. Atzo hutsune dezente zituen, eta asko nabaritu zuen hori, edo hala zirudien, behintzat; baina denak daudenean ere, aurtengo Biarritzek ez du beste munduko ezer erakusten.

Biarritz ongi hasi, eta markagailuan aurretik jarri zen, Dupuyk lortutako zigor bati esker. Gero ere jokoan ongi sartuta jarraitu zuen, Ngwenyak entsegu ederra eginda, eta lapurtarrek transformazioarekin ere asmatu egin zuten. Lehen oren laurden itxurosoa egin zuten.

Hortik aurrera, ordea, eta lehen zatia amaitzeko geratzen ziren 30 minutuetan, talde zuri-gorria desagertu egin zen. Ez zen gehiago ikusarazi. Etxeko taldeak halako oparia ederki aprobetxatu zuen, eta ia partida erabakita utzi zuen, atseden hartzera joan zirenerako 20-10 aitzinetik zirela.

Bigarren zatian, euskaldunek arriskuak hartu behar zituzten. Jokoa hobetu egin zuten apur bat, eta markagailuan hurbiltzen ere joan ziren. Bigarren zati horretan, etxekoak baino hobeto jokatu zuten, baina lehen zatian emandako erraztasunak garesti ordaindu behar izan zituzten. Amaieran behintzat, defentsan lortutako puntu gehigarria lortu ahal izan zuten, eta hori ez da gutxi, kontuan hartuta atzo ere kezkatzeko moduko itxura eman zutela lapurtarrek.

Jokalari garrantzitsu asko falta ziren atzo, baina denboraldi hasieran ere bazekiten hori gerta zitekeela, eta horretarako ekarri zuten ekarri zuten jendea, taldea orekatu bat izateko, baina oraingoz ez dute dagokien mailarik eman, eta lehen zeudenak ere ez dabiltza aurreko urteetako moduan.

Oraingoz, lehenenego lau postuetan jarraitzen dute, baina tentuz ibili beharko dute, atzekoek ere ez baitute barkatzen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo