San Sebastian eta Iturbide Madrilen esku uztea erabaki du Pauek
GARA |
Paueko Apelazio Epaitegiak Joseba Iturbide eta Mikel San Sebastian espainiar Estatuaren esku uzteko agindu zuen atzo. Otsailaren 29an eskaera hori egin zuen Fiskaltzak, Madrildik igorritako euroaginduei erantzunez. Defentsak, berriz, entrega bertan behera uzteko eskatu zion epaitegiari.
Gazte lesakarrak otsailaren 15ean atxilotu zituzten Donibane Lohizunen, eta geroztik Muret-Seysses-ko espetxean daude. Madrilgo Auzitegi Nazionalak Igor Portu eta Mattin Sarasola herrikideekin lotzen ditu, Guardia Zibilak Arrasaten atxilotu zituenean torturak salatu zituztenekin. Barajaseko atentatuan parte hartzea, «talde terroristako kide izatea», «armak eta leherkariak izatea» eta 2002 eta 2006 aldian «ekintza terroristak egiteko konspiratzea» egozten diete.