GARA > Idatzia > Kultura

«Arteak bizitzaren zati egiten denean hartzen du balioa»

Donostiako Zorroaga kalean dagoen «Borobil» izeneko eraikinak ametserako bidea irekitzen du. Haren barrukoak ez dira ohiko etxebizitzak, paisaia moduko bat osatzen dute; hodei, laino, landaretza eta guzti. Koldobika Jauregi eskultoreak bihurtu ditu etxebizitza hauek artelan, eta gustura dago egindako lanarekin; zorionekoa da, bere hitzetan, halako egitasmoetan parte hartu ahal izateagatik. Lantegui enpresa eraikitzaileak egin zion parte hartzeko eskaintza.

p060_f01_250X128.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Etxebizitza arte bihurtzea, edota artea etxebizitza. Horixe da Koldobika Jauregi eskultoreak Donostiako Zorroaga kalean dauden bi etxebizitzekin egin duena. Are gehiago, «ametsak dira, eta nik amets horiek etxe bihurtu ditut», dio artistak.

Eraikin bakarra da, bi etxebizitza dituena, eta «Borobil» izena jarri diote. «Bi etxeen aurrealdean, pareta handi horretan, alegia, paisaia baten irudikapena egin nahi nuen. `Borobil' izena hortik hartu du; izan ere, izkina batean bada forja-burdinez egindako eta zintzilik jarritako borobil handi bat, paisaia horren hodei bat irudikatuko lukeena», esan du Jauregik. Artistak Designhouses enpresaren eta Lantegui enpresa eraikitzailearen deia jaso zuen lan hau egiteko. Etxeak, beraz, eginak zeuden jada, eta bere lana eraikinari «izaera berezia» ematea izan da.

Emaitzak noski, Koldobika Jauregiren sinadura garbia du, azkenaldian egindako lanei jarraiki egin baitu lan hau ere: «Barruko zein kanpoko tematika azkenaldian landu dudan berbera da; paisaiarekin lotuta zenbait gauza sartu ditut. Aldaketa batzuk ere egin behar izan ditut, noski, adibidez nik normalean urre papera erabili ohi dut, baina zenbait tokitan kendu egin behar izan dut, batzuk kaleetako ateetan jarri behar bainituen, eta hori ez zen egokia. Urre paperaren ordez landutako letoia erabili dugu, eta nire ustez, nahiko bitxi geratu da».

Zehazki, eskultoreak bi etxebizitzak lotzen dituen aurrealdeko fatxadan, garajerako ateak, etxebizitzen sarrera ateak eta barruko eskailerak landu ditu. Zorroaga kaleko 92 eta 94 zenbakietara gerturatzen denak, -bisitak jasotzen dituzte 902 104 691 zenbakira deituta-, lehenik eta behin, eraikinaren hormigoizko aurrealdeari atxikitako eta korten-altzairuaz egindako artelana ikusiko du, eta altzairu horren beraren gainean artistak egindako hainbat marrazki ere ikus daitezke atean bertan. Lehen sarrera hau igarota, garajerako atea topatuko du, material berarekin eta marrazki antzekoekin atondua. Baina bada gehiago ere, etxeetara sartzeko ateek ere koadro itxura hartzen dute. «Burniz eta brontzez apaindu genituen ateak eta oso politak geratu dira», argitu du.

Etxebizitza barruan ere Koldobika Jauregiren hainbat artelan ikus daitezke, baina deigarriena agian, eskaileretan egindako lana da. «Eskaileretan nahiko tarte handiak geratzen ziren, eta horietan marrazki moduko batzuk egitea erabaki nuen. Marrazkiak burdin hariz daude eginak eta urre papera dute, hemen bai, apaingarri gisa. Urre papera gainera kristal artean geratzen da, flotatuko balu bezala, nahiko bitxia», artistak azaldu duenez.

Jauregik lana oso gustora egin duela esan du, izan ere, halako egitasmoetan parte hartzeko eskatzen diotenean, «esperimentatzeko» erabili ohi du aukera. «Normalean ez dugu horrelako kontuetan parte hartzeko aukerarik, eta esperimentatzeko erabili ohi ditut aukera hauek. Ez da horrelako zerbait egiten dudan lehen aldia, hala ere», dio.

Ez da lehen aldia ez, ezta egindako lanik handiena ere. «Gabirian adibidez, nahiko bitxia den beste etxebizitza batean ere aritzen naiz. Kasu desberdinak dira; `Borobil' eraikinean enpresa eraikitzaileak deitu zidan eta Gabirian, aldiz, etxearen arkitektoak eta jabeak. Oso etxe bereziak dira, eta askotan barruan bizi denak oso gauza zehatzak nahi ditu, bakoitzak amets desberdinak ditu», azaldu du.

Aberatsen esku bakarrik ez

Hau guztia irakurrita, «amets» hauek oso aberats direnen esku bakarrik daudela pentsako genuke gehienok, baina Jauregik dioenaren arabera hipotekarekin itota egon ez, eta benetan ametsetako etxea eskuratu nahi duen askok, ba omen du aukerarik. «Jabeak nahiko normalak izaten dira. Hau da, horrelako bat ikustean, jendeak uste du etxebizitza horretan kriston aberatsa bizi dela, baina ez da beti horrela izaten. Askotan, nire esperientzaren arabera behintzat, autonomo bezala lan egiten dutenak dira. Lanordu asko egiten dituztenak kapritxo hori ordaintzeko».

«Ezin duzu kobratu horrelako zenbait lan egiteko orduan; zuk ondo pasatzen duzu, esperimentatzeko aukera ematen dizu, etxeko jabeak kriston ilusioa dauka... ezin duzu kobratu», gaineratu du, ildo berean.

Kapritxo ala ez, kobratuta ala ez, Jauregik horrelako lanak egiterakoan batez ere praktikotasunari erreparatzen dio; ez da beti-beti horrela izaten, ordea: «Orain eskuartean dugun beste etxe horretan, jabeak gauza zehatzak nahi zituen, eta guk egin egin ditugu. Umeen logelan, adibidez, jabeak harri handi batzuk sartu nahi zituen, nahiz eta etxeko beste hainbat tokitan ere sartu ditudan. Nik harri handi horiek jolastoki bihurtu ditut, umeek tximuen moduan gora eta behera ibiltzeko aukera dute izango dute orain. Gutxieneko praktikotasuna behar du noski, baina jolas puntu hori ere bai», zehaztu du.

Partikularrekin edota instituzioekin lan egitea, zer ote duen gustukoen galdetu, eta Jauregik ez du zalantzarik izan erantzuteko: partikularrekin. «Pribatutik gehiago ateratzen dut, baina hobe da, nire ustez, partikularrekin lan egitea instituzioekin baino. Partikularrek beste askatasun bat ematen dizute, proposamen askeagoak dira eta interes gehiago jartzen dute, instituzioak azken finean ez dira horrenbeste inplikatzen. Ez da diru iturri handia, esperimentatzeko modua ematen dizu, baina batez ere dibertigarria da. Arteak, finean, hortik hartzen du zentzua. Arteak bizitzaren zati egiten denean hartzen du balioa».

TAMAINUA

«Hilabete batzuk eman ditugu `Borobil' egiten, artea etxe batean sartzeak duen zailtasuna baita tamainuarena. Laguntza izan dut hala ere, Asteasuko Juantxo Garmendia errementariarena, adibidez»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo