GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Argizarizko irudi horiek

Hitler nahikoa gizon osasuntsua izan behar zen, birritan bakarrik egon zen-eta gaixorik. Baina gaixorik ohean egon zen egun horietan hartu omen zituen bere bizitzako erabakirik handienak

Ez naiz ni argizarizko irudien zale. Ez ditut gustuko jende ezagunaren argizarizko irudiz beteta egoten diren museo horiek. Egia da imitatzen dituzten pertsonen antz handia izaten dutela irudiek; egia da baita ere lan handia eskatuko duela halako egiantzekotasuna lortzeak, baina niri argizarizko irudi horiek ezinegona sortzen didate. Horren geldirik. Ezinegona baino areago beldurra.

Alexander Kluge idazleak kontatzen du argizarizko irudiei buruz sekula entzun dudan gauzarik harrigarriena. Kontatzen du Klugek Husserl izeneko irakasle austriar bat ezagutu zuela Zimbawen 1952an. Husserl irakaslea Afrikan bizi zen alemanek Bigarren Mundu Gerra galdu zutenetik. Bertara emigratu zuen betirako. Bada gizon horrek argizarizko irudien museo txiki bat sortu zuen Afrikako baso amaigabeen erdian. Politikariak ziren gehienbat haren irudiak, Bigarren Mundu Gerran ibilitakoak denak. Harro erakusten zien museoa hara hurbiltzen ziren bisitari urriei, urtean dozena eskas bat baino ez ziren izango. Harroen, baina, Hitlerren irudiaz zegoen. Ez zegoen, Husserlen irudiko, Hitlerri egindako imitazio hoberik mundu zabalean. Eta egia esan, irudia bitxia zen benetan. Hitler bera ageri zen, baina ohean etzanda. Aurpegi zurbila zuen Hitlerrek, eta bekokian izerdi tanta urdinak. Maisulana zen.

Klugek galdetu zion Husserl irakasleari ea zergatik irudikatu zuen horrela Hitler. Normalena izango zela Hitler osasun betean agertzea. Zutik jartzea, milaka soldaduri hitzaldia ematen, edo besoa goian faxisten agurra zorrotz egiten. Horiexek izango ziren Hitlerren irudirik arruntenak. Ezin zen ulertu zergatik zegoen Hitler gaixorik, ez zen ohikoena behintzat.

Husserlek esan zion horixe zela Hitler azaltzeko modurik onena, ohean etzanda, gaixorik. Hitler nahikoa gizon osasuntsua izan behar zen, birritan bakarrik egon zen-eta gaixorik. Baina gaixorik ohean egon zen egun horietan hartu omen zituen bere bizitzako erabakirik handienak. Lehenengo aldian itsu geratu zela pentsatu zuen, artean gaztea zelarik. Eta begietan zapi bat zuela egon behar izan zuen egunetan. Orduantxe erabaki zuen alderdi nazia sortuko zuela. Gaixorik egon zen bigarren aldia 1943an izan zen. Huskeria batengatik gaixotu zen. Haserre zegoelako. Izan ere, Kaukaso aldetik bi bataloi erretiratu behar izan zituen. Hitlerrek ezin zuen onartu haren soldaduek atzera egitea. Amorruak jota, astebetean egon zen ohean sartuta. Pasatu zitzaionean, 1943ko erasoaldi handia agindu zuen Sobiet Batasunaren aurka. Husserlen aburuz, Hitler gaixorik irudikatu behar zen, haren bizitzako unerik inportanteenak gaixorik egondako egun horiek izan baitziren. Beharbada, Husserl ero hark Hitler noizbait esnatu egingo zela uste zuen, birritan gaixorik egon eta sendatu bazen, hirugarrenean ere altxatu egingo zela.

Ez dakit zer gertatuko zen Husserlen irudiekin. Urte asko igaro da 1952 hartatik eta batek daki nola egongo den orain haren museo bitxia. Baina gauza bat argitzen lagundu dit istorio honek, zergatik ematen didaten beldurra argizarizko irudiek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo