GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julena Murgoitio

Santutegiko aulkiak

Gogoeta egunean nago hau idazten, bi- harkoaren bezperako honetan. Eta bada, izan ere, zertaz gogoeta egin, gaur ez ezik bihar, etzi eta etzidamutik aurrera ere, gutxienez. Gogoetak etengabekoa beharko luke izan, ganorazko herritarrak izango bagara, behinik behin. Horrexegatik ez dit ardura hauteskunde egunaren aurreko hau gogoeta egun ofiziala izateak, eguna ez ezik gogoeta bera ere ofiziala nahi dutelakoan. Tira, gogoeta egunari ikusten diodan gauza on bakarra diskurtsoen aspaldiko partezko etena da, gaurkoan aparteko diskurtsoak badira ere; akabo orain arteko hitz hutsalen entzunaldia! Akabo egiteen hiztegian sartzen ez diren esanen sasoia! Akabo hitz-jario hasi eta hitz-olde amaitzen diren diskurtsoen aldia! Akabo betiko gauza zaharrak ahoratzen dituzten berritsuen aroa! Bukatu da, hurrengo hauteskundeetara arte, sikiera! Lasaitu ederra hartuko dute gaurkoan belarri askok, igande gauean estimazioak emaitza bihurtu artean behintzat, hortik aurrerantzean kalkulagailuen garaia dator eta. Hartu dezatela lasaitua pila alkalinoek beraiek ere, laster sutan jarriko dituzte-eta, matematika nagusitzen hasten denean. Gogoeta eguna! Emakumezkoenak itxoin beharko du, ordena desordenatu ez dezaten.

Kanpainaren azken egunak entzutetsuak izan dira. Berdelaren kanpainaz nago orain. Ezetz! Hauteskundeenaz nagoela! Aretoz areto esandakoari jarraituz, ai ama! Non geratu dira iraganeko mitinen plaza haiek? Bada, hori, aretoetan jelkideek esan dutenei jaramon eginda, santutegia lekuz aldatu da; lehen goiko Estatuaren hexagonoko beheko aldean bazen ere, orain beheko Estatuaren zezen-larruko goiko aldean omen da, Loiolan izan ere. Derrepentean fedeak hartu, argitu eta izarpean gidatu egin balitu moduan, jelkideek Loiola aurkitu dute, legegintzaldi berrirako abiapuntu edo. Non eta Loiolan, beste batzuena Mekan dagoen bezala. Kuriosoa behintzat bada, santutegi horretan libre utzi zuten aulkia orain bete nahi izatea, noiz eta aulkian segitu zuten mahaikideak espetxean diren honetan. Norekin jesarriko dira orain eta zertaz hitz egiteko? Ikusi-makusi, zer ikusi...? Aulkiez nagoela eta gogoeta eguna baliatuz, gogora etorri zait orain multinazional ezagun baten hemengo saltoki handi batean Ajuria Eneko maizterra aulki bat muntatzen ikusi nueneko hura. Haxe muntaketa! Horrelakoak ote Loiolan orain bete gura dituztenak? Kapaz! Amen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo