GARA > Idatzia > Eskubaloia

Errekopa

Akabak maldan gora dauka kanporaketa etxean galdu ostean

Donostiarrak zazpi goletako aldearekin galtzen egon ziren, baina bigarren zatian erakutsitako kemenari esker aukerekin iristiko dira bueltako partidura.

AKABA BERA BERA 26

KIF VEJEN 27

GARA | DONOSTIA

Okerragoa izan zitekeen, baina azkenean, gol bakarreko desabantailaz ekin beharko dio Akabak datorren astean Danimarkan jokatuko duen bueltako partiduari.

Norgehiagokaren garrantziaren eraginez, Reyes Karreren jokalariak urduri atera ziren kantxara eta hasiera-hasieratik danimarkarrek nahi bezala antolatu zituzten eraso jokaldiak. Donostiarrek huts asko egin zituzten aurreneko minutuetan, eta Ziarsoloren erasoei eta Bouveret atezainaren geldituei esker iraun zuten partiduan sartuta. Akabak ohi baino baloi gehiago galdu zituen lehen zatian, eta aurkariek kontraeraso azkarrekin lau goletako errenta lortu zuten lehen hamar minutuetan.

Bazirudien edozein unetan danimarkarrek partidua, baita kanporaketa bera ere, Donostian utzi zezaketela erabakita. Behin eta berriz zulatu zuten Bouvereten atea bederatzi metrotatik eta bost goletako errentarekin (12-17) iritsi ziren partiduaren atsedenaldira.

Bigarren zatian ez ziren gauzak asko aldatu eta bien arteko aldeak bere horretan jarraitu zuen minutuek aurrera egin arren. Etxekoak ezinean aritu ziren bederatzi metrotatik, eta Kif Vejenek, bitartean, behin eta berriz lortu zuen hegaletatik jokaldiak amaitzea.

Erreakzioa amaieran

Partidaren azken zatian danimarkarrek zazpi goletako errentari eusten zioten, baina Boessenek eta Kastrupenek jasandako zigorrekin batera etxekoen erreakzioa heldu zen.

Garmendiak gauzatutako hiru penaltiri esker gipuzkoarrak bi goletara hurbildu ziren markagailuan, eta zenbait abagune garbi izan zituzten tanto bakar batera jartzeko. Bazirudien donostiarrak partidari buelta emateko gai izango zirela, baina azken hiru aste hauetan pilatutako nekearen ondorioz huts asko egin zituzten Reyes Karrerenenak, eta guztira hogei baloi izan ziren galdutakoak.

Porrot honekin maldan gora jarri zaio kanporaketa Akabari, baina gutxienez bizirik iritsiko da bueltako partidura.

ehf kopa

Final-laurdenetako joaneko partida jokatuko du Itxakok Metzen aurka arratsaldeko 16.00etatik aurrera. Nafarrek kanporaketa gogorra dute aurretik baina Frantzian jokatuko den aurreneko partida irabazteko asmoa agertu dute entrenatzaileek.

Hil ala bizi

Portlandek arratsaldeko 18.00etatik aurrera Croatia Zagreben aurka neurtuko ditu indarrak Iruñean, eta garaipena beharrezko izango du Txapeldunen Ligan jarraitzeko. Andorinhok ezin izango du jokatu eta Dominikovic zalantza da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo