Ixabel Etxeberria Irakaslea
Kezka, formen salbatzea, irudiaren zaintzea!
Propaganda guztian denek, ez ezkerrekoek bakarrik, euskararekin oso jarrera irekia azaltzen dute, baina praktikara eramateko unean betiko helburuak hor jarraitzen , du: euskaltasunaren desagertzeko helburua
Kanpaina honetan etxez etxe ibili gara eta herritarren kexak entzun ditugu. Dudarik gabe etxebizitza eta lana dira gehien aipatu dizkigutenak. Horrela ikusi dugu nola zoko guztiak baliatzen diren bizitzeko tokien antolatzeko, aterpe soilak ziren tokiak gazteentzat, familiarrentzat bizitzeko egokitzen diren. Jendea zorretan murgildua ikusi dugu, maileguen ordaintzeko zailtasunak aipatu dizkigute. Lanik ez dagoela. Horren ondoan ikusi ditugu etxe bizitza dotoreak, horietan Irungo zergetako arduradun batena omen, dotorea. Horren ondoan asko hetsiak, ederrak, ez dira herritarrentzat horiek, herritarrek xumeagoak dituzte. Bigarren egoitzaren kopurua %17koa da gure herrian. Ez dago legerik horretan, alegia bigarren etxebizitzaren kopurua mugatuko lukeen legea! Gisa guztiz legeak ez dituzte errespetatzen ez dituztelarik gustukoak. 2000. urtetik SRU legeak herri guztietan inposatzen du etxebizitza sozialaren kopurua %20koa izatea, Ipar Euskal Herrian ez du abantzu inork errespetatzen, bigarren egoitzen kopurua emendatzen uzten dutelarik. Gutxieneko lanpostu kopurua behar litzateke ere gazteei herrian bizitzeko aukera eskaintzeko. Horrek ez du kezkarik sortzen arduradunen artean. Oso eremu zabala dugu hauteskunde hauetan galdezkatua, Gobernuaren politika bakar batzuen interesen defentsarako pentsatua baita. Askok ez du politikan sinesten, politikoen jarrerak politikari sinesgarritasuna galtzera eraman baitu. Frantzian miseria emendatzen ari delarik presidenteak hilabete-saria bikoiztu du.
Beste loturen bultzatzeko garaia dela pentsa genezake. Beste elkartasun sareen pizteko gogora heldu zaigun lehen adiskidea Frantziako ezkerra izan daiteke. Alegia, herrietako ezkerrekoak guregandik hurbilagoak zitezkeela. Hauteskunde garai honetan aukera izan baitaiteke haiekin elkartzeko eta beharbada Herriko Etxeen irabazteko. Haatik, basotik beti sorpresak ateratzen zaizkigula eta gurean sozialistek mamu berria aurkitu dute. Alegia, dena euskaldundu nahi dugula eta bortxatuko ditugula euskaraz egitera. Ondorioz, ez lukete abertzaleekin elkartzeko biderik ikusten. Askorentzat kolonizazio prozesua ez da bukatua eta hizkuntzaren babesteko inongo interesik ez dute ikusten, erasotzat dute hain aurrerakoiak diren ezkerreko alderdi horiek. Propaganda guztian denek, ez ezkerrekoek bakarrik, euskararekin oso jarrera irekia azaltzen dute, baina praktikara eramateko unean betiko helburuak hor jarraitzen du, euskaltasunaren desagertzeko helburua. Bati, debate batean, turismoa zela gaia eta adierazi zigun helburutzat Euskal Herria saltzea zuela, egia eskapatu zitzaion! Negargarria.
Hau da kezka, formen salbatzea, irudia zaintzea. Sansebastian eta Iturberentzat formak zaindu dituzte, kanporatzearen kontra defentsari denbora gehiago utzi diote, baina nahiz eta torturaren frogak azaldu, ez du horrek erabakia aldatu.