Lehen ere nahikoa ez eta... Herrerako bizilagunak protestan ari dira auzorako dauden proiektuengatik
Urteak zain pasa ostean, sorpresa eta atsekabe ederra hartu zuten Herrerako bizilagunek Udalak aurkeztu zuen Barne Erreformako Plana ikusi zutenean. Bertan zehazten diren proiektuek, euren ustez, ez dituzte auzotarren beharrak asetzen. Berriz ere osotasunean plantea dezatela eskatzeko protestan ari dira.
Maider EIZMENDI
Lehen ere gutxi eta Donostiako Udala Herrera auzoan egiten ari den berrikuntzengatik, «auzoaren eta auzotarren egoera okertuko dela» uste dute bizilagunek; horregatik ari dira protestan azken asteetan. Auzoko Herripe elkarteko Miguel Angel Zapirain presidenteak eta Isa Pac presidenteordeak argi eta garbi diote: «Udalak egin asmo dituen lanak erokeriak dira».
Gune honetan auzoaren egoera hobetuko duen plangintza baten zain urteak pasa zituzten. Iritsi zenean ohartu ziren, ordea, Barne Erreformako Planak ez zituela inondik ere auzotarren beharrak asetuko. Are gehiago, lehendik egoera txarrean egon eta bertan jasotzen ziren proiektuek okertu baino ez zutela egingo konturatu ziren. Horregatik, ehunka alegazio jarri zituzten, baina Udalak horiei muzin egin, eta aurrera jarraitu du.
Kexu eta buruhauste gehien eragin dituen proiektuetakoa da trenbidearen ondoan egin nahi duten errepidea, besteak beste, auzotarrei inolako zerbitzurik emango ez dielako, eta aldean zarata eta traba ugari eragingo dituelako. «Bertatik egunean 3.000 auto inguru igaro daitezke horrek ekarriko lukeen kutsadura eta zaratarekin», nabarmendu dute Zapirainek eta Pac-ek.
Hainbatetan eskatu dute Donostiako alkate Odon Elorzarekin biltzea, eta makina bat ezezko jaso ostean, Hirigintza zinegotziarekin, Jorge Letamendiarekin, batu ziren orain dela gutxi. Hauxe galdetu zioten: zein abantaila edo onura ekarriko ote dien Herrerako bizilagunei errepide honek. Nonbait, auzoan dagoen uholde arriskua murriztu nahi dute, «zer eta errepide baten bidez».
Elkarteko kideen ustez, honen helburu bakarra, ordea, Auditz-Akular eta beste zonalde batzuetan egin nahi dituzten milaka etxebizitzek eragingo duten bizilagun kontzentrazioari irtenbidea ematea da. Bien bitartean, Herreran bizi diren bizilagunen egoera gero eta okerragoa da, bai behintzat egingo duten errepide horren alboan bizi direnentzat, hainbati etxeko leihotik oso metro gutxira igaroko baitzaizkio ibilgailuak.
Larrienetakoa bada ere, ez da auzo honetan egingo diren proiektuetatik auzokideak kezkatzen dituen bakarra; izan ere, San Luis plazan egin nahi duten eraikinarekin ere erabat desados daude. Udalak onartu du eraiki berri duten plaza honetan berrikuntzak egingo dituztela, «bertan sartu duten materiala eta egitura bera lotsagarria baitira», baina ez dauka plazaren erdian egin asmo duten eraikinaren inguruan aldaketarik egiteko inolako asmorik. «Guk ez dugu ulertzen, lehen ere ez dugu eremu libre askorik, eta plaza bat egin eta erdian eraikin bat egitea guztiz baztergarria dela uste dugu».
«Azken batean -kexatu dira elkarteko kideak-, proiektuak zehazteko eta garatzeko orduan bizilagunen iritzia ez da aintzat hartzen, eta auzoari dagozkion gaietan hitza ematea eta proiektu ezberdinetan proposamenak egin ahal izatea, horixe da egiten ari garen protesten helburuetako bat».
Pasa den astean mozioa aurkeztu zuten Donostiako Udalean eta hango alderdiekin kontaktuan jarri ziren, mozioarekin bat egin dezaten. «Egun Udalean dauden guztiek eman zioten baiezkoa, baina ondo jakin gabe zertara zihoazen. Alderdi batzuetako kideekin joan gara lanak egiten ari diren lekura, izan ere, bertaratu eta ikusi arte, ez da sinestekoa egin nahi dutena».
Argi dute, «Herrerarako dauden proiektuak berriz ere planteatu behar dira eta alternatibak aurkitu». Horretan saiatuko dira ondoko aste eta hileetan Herripe elkarteko kideak.
Gainera, Herrerak duen arazoa handia izan bada ere, esan dutenez, Altzako hainbat gunetan ere ez da arazorik falta. «Herrera nolabait etxebizitza honen lehen pisua da, goiko guztien arazoak sostengatzen dituena, baina ia gune guztietan daude auzotarrentzat kaltegarriak diren proiektuak, eta horren adibide da, esaterako, Auditz-Akular».
Azken asteetan makina bat mobilizazio egin dituzte. Azkena pasa den larunbatean. Kotxe karabanan abiatu ziren Herreratik Donostiako Udaletxera, «gure auzoaren gaineko erabakiak hartzen diren tokira», hain zuzen. Bertan beste behin ere, Altza eta Herrera ez direla bigarren mailako auzoak aldarrikatu zuten.