ACB liga | 24. Jardunaldiaren errepasoa
Buruek aldeak handitzeko baliatu dute etxean jokatzea
Lesioen erruz Iurbentia Bilbao Basketek indarra galdu du eta Pamesak aurrea hartu dio sailkapenean. Fuenlabrada arazotan sartu da Leonen aurka galduta.
GARA | BILBO
Saskibaloian etxean jokatzeak ez duela hainbesterainoko onurarik ekartzen pentsa liteke, baina denboraldiak aurrera egin ahala, norbere kantxa faktore bilakatzen da sailkapenean egonkortasuna aurkitzeko.
Hala egin dute, esaterako ACB Ligako aurreneko lau taldeek. Guztiek ere etxean jokatzen zuten eta, alde ikaragarririk atera ez bazuten ere, faktore hori baliatu zuten beren neurketak aurrera ateratzeko. Real Madrilek, Raúl Lópezek gidatuta, eta talde joko ona eginda, 86-66 irabazi zion Unicajari. Axa Bartzelonak Ricoh Manresa 87-70 menderatu zuen Palau Blaugranan. Xavi Pascualen gizonek etxean ez dute galdu oraingoz.
Ostiralean ekin zion jardunaldiari DKV Joventutek, eta hiruko saskiraketen festa oparo baten ondoren 102-82 nagusitu zen Cajasolen aurrean. Tau Baskoniak, aldiz, esfortzu handirik egin gabe, 94-83ko garaipena lortu zuen Polaris World Murtziaren aurka.
Kasualitatez, Iurbentia Bilbao Basket zen lehenengo bosten artean kanpoan jokatzen zuen bakarra eta, hara non, Gironako Akasvayuren aurka 71-62 galdu zuen. Fred Weisen falta larregi nozitu zuen talde bilbotarrak. Hainbeste, non Marc Gasolek beste behin MVP izatea erdietsi baitzuen 43 puntuko balorazioa lortu ostean. Pamesak Menorcan 64-80 irabazi zuela kontuan hartuta, Vidorretarenak sailkapeneko seigarren postura erori dira. Datorren larunbatean derbia izango dute bizkaitarrek La Casillan Tau Baskoniaren aurka. Kantxa faktorearen garrantzia frogatzeko aukera ona.
Fuenlabrada ere arazotan
Fuenlabradan eta Valladoliden irabazi ostean, Leon eta Estudiantesek bizirik dirautela erakutsi zuten zapatuan. Cajasolek ere galdu zuenez, salbazioa partida batera dute madrildarrek, eta bi garaipenetara gaztelarrek. Merito bikoitza dute gainera, etxetik urrun irabazi baitzuten.
Fuenlabradak ere arazo horrekin topo egin du. Leonen aurka galdu ostean, Cajasolekin berdinduta dago beste behin. Harrigarria oso, Luis Casimiroren taldeak joko aparta egiten baitu boladaka. Liga amaitzeko asko falta da, eta baten bati bihotzekoak emango dio, bestea atzean laga ezinik baitabiltzala biak.