GARA > Idatzia > Kultura

Manex Agirre bertsolariak lortu du apirilaren 5ean izango den Arabako finalerako txartela

Arabako Bertsolari Txapelketako finalerako pasea Manex Agirrek lortu zuen atzo arratsaldeko saioan. Bi ordu eta hamaika algara izan ziren bete-bete egindako Ondategiko Zigoitia Aretoan.

p065_f03_147x108.jpg

GARA | GASTEIZ

Bostetako kanpaikadak jo berritan, Ondategiko Zigoitia Aretoa bete-bete egin zen. Ehun lagun inguru eta txalo zaparrada bertsolariak heldu orduko. Serapio Lopez, Asier Otamendi, Felipe Zelaieta, Oihane Perea, Iñaki Viñaspre eta Manex Agirre.

Bi ordu eta hamaika algara izan ziren tartean. Urduritasuna hasieran eta kontzentrazioa saioak aurrera egin ahala. Sei bertsolariak fin aritu ziren orokorrean, nahiz eta urduritasunak, bertso aleren bat edo beste trabestu zuen. Zortziko handian emakumearen egoeraz, etorkinen joan-etorrietaz eta, nola ez, hauteskunde espainiarretaz kantuan jarri zituen Irati Lotina gaijartzaileak.

Ale politak utzi zituen zortziko txikiak. Gaiak umorez josita, saioak gora egin zuen. Asier eta Felipe, perretxiko haluzinogenoak janda, mendian eta gauez, kanpadendaren bila dabiltzan bi lagun izan ziren. Asier Otamendik GPSa ondo ote dabilkion galdetu zion, eta hona Feliperen erantzuna: «Begiratzen hasita gauza logikoa/GPSa badaukat baina ilargikoa». Gainontzeko bertsolariek ere barrez lehertzen jarri zituzten ikus-entzuleak. Aita izateko zorian dauden bi gizonezko elkarri kontuka jarri ziren. Orduan, kirioak dantzan zituztela, emazteei lagundu nahi eta lagundu nahi ez izatearen kinkan agertu ziren Iñaki Viñaspre eta Oihane Perea. Oihane: «Larrutan egin gabe egon naiz luzaro/ ta orain amaitu egin da oso argi dago». Iñaki: «zu lasai sartu zaitez ta goiari eutsi/ bere aita ez dezala lurrean ikusi».

Hamarreko txikiak bukatu orduko arratsaldeko seiak ziren. Kartzelarako ordua heldu zen. Puntuari erantzunetan Serapio Lopezek egin zuen harrera: «Lehenbizi pentsatu ta egin ondoren/ gauzak beti pentsatu ahal denik ondoen/ horixe bera ondo pentsatu banuen/ igual momentu hontan ez nengoke hemen». Bi bertsotarako neurri eta doinu librean kantatzeko gaia, aldiz, honakoa izan zen: «Asko pentsatu ondoren atea zeharkatzea erabaki duzu; hankaz gora dago dena».

Hamaika jomuga

Bakarkako lanean hamaika jomuga izan zituzten sei arabarrek. Serapio gizon dibortziatu berriaren rolean murgildu zen; Asierrek etorkinen familiaren ofizioko gaiari heldu zion berriz: «Senegalera gaur itzuli naiz hala tokatzen zen berez/ gauza onikan ez nun espero baina horrelakorik ez». Oihanek, ordea, oporretara joan eta itzuleran honela topatu du etxea: «...lehen entzun ditut hainbat aitzaki gizonaren mila truko/ mala oxtia itzela daukat atea itxi ta punto!/ hurrengo baten jakin dezala ez naizela bueltatuko». Bere hordagoa alde batera utzita, Viñaspreri semea atxilotu diotela kantatu zuen kartzelakoan. Ale hunkigarria eta txaloak.

Saio egonkor eta borobila

Manex Agirre izan zen ordea, epaileen erabakiz, finalera zuzenean sailkatzea merezi izan duena. Saio egonkorra eta borobila bete zuen aramaioarrak, freskotasuna eta zuzentasuna nabarmen geratu direlarik, 326,5 punturekin. Asier Otamendi izan zen bigarrena 322,5 punturekin; gero, Oihane Pereak 321,5; Iñaki Viñasprek 312,5; Serapio Lopezek 306,5; eta Felipe Zelaietak 263,5 puntu.

Horrenbestez, datorren igandeko finalerdian nor sailkatu zain geratu beharko dute gainontzeko bertsolariek. Finalerdia Aramaioko kultur etxean izango da, 17.00etan. Bertsolariak: Ruben Sanchez, Andere Arriolabengoa, Zigor Enbeita, Iker Agirre, Juan Mari Juaristi eta Rikardo Gonzalez de Durana. Gaijartzaile lanetan, aldiz, Lierni Altuna.

Apirilaren 5ean izango da finala. Gasteizko Printzipal Antzokian. 17.00etan jokatuko da Arabako txapela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo