GARA > Idatzia > Mendia

Mendiko eskia Pirinioetan jarduerak

Lurien-go itzulia Midi-ren begiradapean

Pirinioetako erraldoi honi mendiko eskiekin bisita egiteko proposamena egin digu Edu Aranburuk. Gorabehera eta malda gogorrak izan arren, egun batean lasai egiteko jarduera dugu.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Aurtengo negu epela bezala, mendiko eskian aditua den gure ohiko kolaboratzaile Edu Aranburu ere lozorroan zela zirudien. Baina azken egunotako elurteen ondorioz, aipatu dugun gozotasun horretatik berpiztu eta garai honetarako oso egokia den proposamena ekarri digu eskiatzaileak: Lurien mendiaren itzulia.

Biarnoko Pirinioetako erraldoietako bat da Lurien bere 2.826 metroko garaierarekin; ondo baino hobeto kokatua, Artouste-ko aintziraren gainean eta Midi d'Ossau-ren ekialdean parez pare geratzen da. Nahiz eta ingurumari horretako izarra edo protagonista nagusia ez izan, Aranburuk esan duen bezala, Lurien mendiak erakargarritasun handia du: «Alboan dituen kideen artean ez da garaienena; haatik, eta proposamen honetan beti bere ohiko bidea aipatuko dugu, gorabehera handia zein malda gogorrak ditu. Hori aipatuta, lasai egon zaitezte, Lurien mendiaren itzulia ez da gogorregia, besteak beste, neguko klasiko bat baita eskiekin. Aurreratu dudan legez, mendiaren itzulia proposatu dut, baina aukera ezin hobea ere bada gailurrera igotzeko. Luriengo lepotik tontorrera beste 500 metroko pendiza dago».

Lurien mendiaren itzuliak 1.200 metroko goranzko garaiera aldea eskatuko du (gehi 500 metro gehiago gailurra egin nahi bada), eta jaitsierarako beste 1.350 metro. Hori guztia ikusita, lasai asko esan daiteke, inolako buruhausterik gabe, egun bateko jarduera izango dugula aurretik.

Midiren zaintzapean

Soques-ko txabola (1.400 m) izango da abiapuntua. Portalet-eko errepidean, Biarno aldetik, izango da irteera puntua; autoa utzi behar den lekua, alegia. Ondoren, beti ekialdera, basoan sartu eta Col d'Arrious-era daraman bidea hartu behar da.

Basoa zeharkatu eta Arriousko haranean gora murgiltzeko ordua da. Bat-batean, Aranburuk aipatu duenez, jardueraren zaindaria azalduko da: «Midi d'Ossau ikusgarria gure bizkarrean izango dugu. Behin Col d'Arriousera (2.259 m) iritsita, foka-larruak kentzeko garaia da; izan ere, Artousteko aintzirara (2.000 m) jaitsi behar da. Jaitsiera zuzena eta nahiko malkarra da. Minutu lasai batzuk hartzeko aukera polita da. Aintzira mendebaldetik zeharkatu eta Artousteko txabolara helduko gara. Hemendik aurrera aldatsak gogortzen joango dira. Txabola horretatik ipar-mendebalderantz zeharka igo eta aurrean ditugun oztopoak eskuinean utziko ditugu (pasabide behartu samarren bat badago) eta Luriengo lepora begira jarriko gara; hain zuzen ere, lepora bideratuko gaituen harana hartu beharko dugu».

Luriengo lepoan gara, 2.342 metrora. Puntu horretan bi aukera ditu mendiko eskiatzaileak. Batetik, gailurrera igo. 500 metroko pendiza aurretik, ipar maldetatik zuzenean eramaten dutenak. Eskuarki, lepoa utzi eta jarraian eskiak kendu eta oinez igotzen da, aldatsak nahiko gogorrak baitira. Tontorretik eskiatuz jaits daiteke, baina, esan bezala, maldak ez dira batere gozoak.

Bestetik, gailurrera igo nahi ez bada, zuzenean, ipar-mendebaldeko norabidea hartuz, Fabreges-ko urtegira jo behar da; hots, Lurien mendiaren igoera normala: «Inolako zalantzarik gabe, 1.000 metroko jaitsiera ederra da; gozatu beharreko jaitsiera, alegia. Horren amaieran basoarekin egingo dugu topo. Nahikoa elur badago, ezkerraldean dauden basoko bideetan barrena jaits daiteke. Elurrik ez badago, jakina, eskiak bizkarrera eraman eta oinezko bidetik zuzen hartu. Fabregesko urtegitik (1.230 m) Portaleteko errepidera ateratzea besterik ez zaigu falta. Autoa utzi dugun lekura heltzeko, errepidez 30 bat minutu egin behar dira».

Horixe da Aranburuk garai honetarako egin digun mendiko eskiko proposamena: Lurien mendiaren itzulia. Jarduera hau egiteko lagungarri izango dugun mapa, berriz, hauxe: IGN, 1:50.000 Bearn edo alderdi horri dagokion 1:25.000 eskalakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo