GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Martin Mantxo BBVAren aurkako plataformako kidea

BBVA hiltzailea?

BBVAk bankuak bereganatzeak langileriarentzat oso baldintza onartezinak ekarri zituen. Haien artean BBVAk langileei sindikatua utzarazi, hitzarmen kolektiboaren etekinak ukatu eta prekarietatea onartzea inposatu zien

Hori izan zen guk BBVAren akziodunen asanbladarako burututako kanpainarako aukeratu genuen leloa: «BBVA hiltzailea». Orduan, plataforma osatzen dugun taldeek asko eztabaidatu ondoren erabateko adostasuna lortu genuen. Eztabaidak jarraituko zuen: beste talde batzuei gogorregi iruditzen zitzaien, beste batzuek ez zuten bankua horrela ikusten edo barruan zeudenen ustez langileeak horrekin bat egingo ez zutela argudiatu zuten, edo jendearengana iristeko negatiboa zela. Beraz, nahiz eta adostasun osoa izan, eztabaidak jarraitu zuen.

Joan den otsailaren 29an lelo horren pean BBVAren Latinoamerikan zehar zabaltzea salatzeko hitzaldi bat antolatu genuen. Leloa berriro gure kontra jotzeko erabili zuten, eta hitzaldia Bilboko Udaleko areto publiko batean (La Bolsa) egitea debekatu ziguten. Gure arteko eztabaidak jarraitu zuen, baina hori eta beste egoera batzuk direla-eta, lelo hau mantentzeko gure jarrera sendotu egin zen. Azken egunetan Kolonbian erail eta zauritutako sindikalistek arrazoi gehiago ematen dizkigute.

Hasiera batean argi geneukan. Alde batetik, BBVAren zenbait jarduera argi zeuden: arma ekoizpen eta esportazioak finantzatzen ditu. Hau dena, salbuespenik gabe, guda edo gatazkak dauden herrietara bidaltzeko. Beraz, jakina da bere finantziazioaren bitartez hil egiten duela.

Beste aldetik, ingurumenarentzat suntsitzaileak diren zenbait proiektu eta konpania (iaz arte Iberdrola eta Repsol YPF) finanzatzen ditu. Hauek guztiek ere aktiboki eta pasiboki jendea hiltzen dute: bertakoen babes eremuetan aritzen dira haien bizimoduak eta inguruak hondatzen. Haien kulturak hiltzen dituzte eta hori funtsezkoa dute bizirik irauteko. Repsolen jarduerak jendea hil egin duela esan dezakegu, eta aurreko argudioei petrolio erauzketek eragindako osasun arazoak gehitu behar dizkiegu: bular, birika eta azal minbiziak, abortoak, etab. BBVAk gizakiengan inpaktu handia izan duen Repsol YPF ez ezik, Petrobras, OCP, Gasyrg eta Camisea petrolio eta gasbideak, Camiseako gas proiektua, finanzatu ditu.

Baina, batez ere, BBVA garatu izanaren bitartez, Latinoamerika (bere etekinen erdia ateratzen duen lekua) txirotu egin da zeharo: bere etekinen gorakadek ez dute Latinoamerikako ekonomiarekin bat egiten. BBVA herri hauen guztien kanpo zorrez kontinentean zabaltzeko baliatu zen eta zorra areagotzen du. Kanpo zorra heriotza hedatzen duela kontuan hartuta, BBVA hiltzen duela ados egon gaitezke. Argentinan, beste bankuek bezala, jendearen aurrezkiak bereganatu zituen. Honi guztiari BBVAk herrialde bakoitzean banku nagusiak eskuratutakoan murriztu duen lanpostu kopurua gehitu behar diogu: horiek milaka zenbatzen dira Latinoamerikan.

Lanpostuen inguruan izandako eragina eta gertatutako gatazka herri askotan izugarria da, haien egoera indarkeria bizikoa delako. Kolonbian ere BBVAk bere inperioa zabaltzeko banku batzuk eskuratu zituen: Granhorrar eta Ganadero. Lehen aipatutako langileen kanporaketez gain, BBVAk banku horiek bereganatzeak langileriarentzat oso baldintza onartezinak ekarri zituen. Haien artean BBVAk langileei sindikatua utzarazi, hitzarmen kolektiboaren etekinak ukatu eta prekarietatea onartzea inposatu zien. Honek sindikatuen jarduera areagotzea ekarri zuen eta horrela gatazkek txarrera jotzen dute. Kolonbia bezalako herri batean honek ondorio ikaragarriak izan ditzake.

Martxoaren 8an paramilitarrek Colonbiako UNEBeko (Banku Langileen Nazio Batasuna) zuzendaritzako kide Leonidas Gomez erail zuten. Aurreko egunean sindikatu horretako Rafael Boada tirokatu zuten, zorionez bizirik iraun bazuen ere. Egun horietan beste bi irakasle erailda gertatu ziren martxoaren 6an, estatu terrorismoaren kontrako ekimenei erantzun nahian. Ez ziren BBVAkoak, baina biok saiatzen ari ziren BBVA eta antzeko bankuek inposatzen dituzten baldintzak eta lapurreta gainditzen, eta hori egitea, Kolonbian inposatu nahi den ereduaren kontrakotzat jota, biziarekin ordaintzen da.

BBVAk datorren ostiralean egingo duen akziodunen asanbladan haren eta beste bankuen biktima horiek eta horiek bezalakoak gogoan izango ditugu, eta banku horien gizarte arduragabetasun korporatiboa salatuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo