Liburu aurrerapena
TERRA SIGILLATA ARGAZKIARI SO
Esku artean daukadan hauxe, esate baterako, Jon. Lotsa ez banintz, esango nikek nork oparitua didan, baina barkatu beharko didak diskrezioa. Zuri-beltzezko argazki zaharra, 1966 urtekoa, internet bidez duela zenbait hilabete X.-ek niri bidalia. Ez dik erresoluzio onegirik, gaur esaten den bezala. Ez diat piperrik ere ulertzen makina digitalez, pixelez eta horrelako istorioez, ez pentsa; baina hik baino gehixeago beharbada bai, ez baitiat uste, hagoen tokian eta hagoenez geroztik, gaur egungo zapa-erdara honetaz ezer askorik ikasteko beta handiegia izango huenik. Edo agian bai: beti izan haiz mutil abila, eta auskalo, kapaz hi, errebista pare bat irakurrita, nik baino askoz ere gehiago jakiteko honetaz; edo telebistako programa briko-informatiko bereziren bat ikusita, espainolek ez zakiat baina frantsesek, garai batean, hi Châteaurouge-n hengoenean, baziaten-eta bat edo beste nahikoa interesgarria. Internetik erabiltzen behintzat bazakiat ez dizuetela uzten, eta hi harrapatu hindutenean, ez zegoan hedatuta gure artean. Dena den, nik bezalaxe dakik zer den; jatorriz, hori ere gerrarako tresna, etsaiaren enigma-kodeak dezifratzeko asmatua, ingelesek oker ez banago. Dena denago -eta aldaratzen segi baino lehen-: hemen zeukeat argazki hau. Eta argazki honetan, hi eta biok, eta beste hainbat lagun azaltzen gaituk -hamasei guztira, gaizki kontatu ez badut.
Zutik daudenen artean, ezagungarri, apaiz anaia biak, P.A. eta J.A., horiek bai, nabari: bata, indusketa-laginaren ertzean erdi-makur, heinak markatzeko erabiltzen genituen bi soka-harien juntadizoaren ondoan -bazirudik tenkatzen ari dela nylonezko tirandura-, eta bestea, kobazuloko irteeratik ezker aldera, zabalgunetxo batean, tramankulu batetik baso aldera begira, bizkarrez -zer zen tresna hura, gogoratzen al haiz?, topografiako heingailua, edo argazki-makina soila?, ba, berdin duk, bata zein bestea: kartografia zein fotografia, planoak zein argazkiak, lan geldoa nolanahi ere gure ofiziokoa: headquarteretako banderatxoekin jolasean erraz irabazten dituk batailak, lubakietan baino errazago, inondik ere...-. Indusketa-laginean ari diren, edo ari zareten bost lagunez gain, beste ikaskide bat zagok, P.A.-k erdi-ostentzen duena, ezker aldera; eskuin alderaxeago, baina leizezulotik at, beste hiru lagun, lurra galbahetzen hondakin-piloaren ondoan, eta honantzaxeago, leizearen barruan, indusketaren arduradun nagusiak, J.M.A. eta J.S.A. arkeologo-paleontologoak: argazkiaren izkinan zaudek eta ez oso ikusgarri, baina beraiek direla uste diat, oker oroitzen ez banaiz beren kanpaina-ofizina hortxe baitzeukaten eta hortxe sailkatzen baitzituzten denok lurretik erauzitako eta hondakin-metan galbaheturiko piezak, hezurkiak, terra sigillatakiak, sukarri-puntak, noizbehinkako abalorioak. Gorueta, dena den. Los Husos, El Villar (Billar esaten ziotek orain), Biasteri ondoan (orain ez omen duk Biasteri, Laguardia baizik, Euskaltzaindia dixit). Kantabriako mendizerraren magalean, Arabako Errioxan (Larrehola omen euskal etimo jatorrizkoa, Txillardegiri irakurria), X.-k oparitu didan argazkia. Eta hor, kobazulora bidean, ezkerreko eskuan otar bat dakarrela, berrogei urteotan denboran izozturik, mutil kankailu bat, ibilkeraz, buru-taxukeraz, dudarik gabe ni neu. Hots, Internetik bahu, berehalaxe bidaliko nikek argazkia. Baina, bahu eta balira elkarren ahizpak baitira, eta gainera hiri bisita egitera joaten uzten ez didatenez, bada, deskribatu egin beharko, hitzez eta pitzez, bertan ikusten dudana, eta ikusten dudanaren inguruan hausnartzen dudana (gogaikarria baita, gogaikarria denez, rumiantetasun humano bezaezina).
Beraz: gurutze formako indusketa-lagin alor horretan makurtuta daudenetariko bat, ezker aldera bigarrena, nik uste, heu haiz. Lastima duk, denok makurturik eta batzuk bizkarrez zaudetelako, garbi ezin ezagutuak izatea. Gainera, interneteko argazki zuri-beltz honetan, zutik daudenen -gaudenon- aurpegiak ere lanbrotsu, urrunsko; esan zioat X-i ea berak erabili duen datu-basetik argazkia argixeago eta zoom-atuago atera ote dezakeen; saiatuko dela esan zidak, laguntza eskatuko diola horretaz oso abila omen den Aiora izeneko bere lagun bati. Dena dela: gurutze-erako indusketa-laginean hiru lagun zaudete, erabat lubakian sartuta, buru-belarri, oin-esku, lanean; beste bat, erdizka, lubaki-ertzean eserita, hankak lurrik zapaldu gabe; eta beste bat kanpoan, kokoriko, begira. Batek kapela zeramak buruan: hasieran, argazkia ikusi berritan, duda egin nian sonbreilu mexikanoz buru-estalita dagoen hori heu ote hintzen, baina ez, idazketa go(go)mutantezko bidezidor honetan barrenako ez zakiat zein momentutan -uste diat esana dizuedala lehenago-, ahazturaren ezerezetik, derrepente, jestu bat etorri zitzaidaan gogora, eta birao arrunt bat, eta eszena bat. Luismari zuan, noski. Luismari Subijana. Gogoratzen haiz: ilegorri, oreztadun, erdi hitz-totel. Ez diat haren berririk aspaldi handi honetan, bizirik bai, bazagok, bestela handik edo hemendik jakingo nian-eta haren hilberriaren berri, baina osterantzean arrastorik ez. Ez duk inoiz gure urteroko bazkaritara etorri izan, aspaldi -aspaldi oso- telebistan ikusi nian behin, ekitaldi politiko batean hizketan -gugandik oso urrun, egia esan, zeharo beste espaloian, egia esanago-, baina geroztik haren albisterik ez, ez publikorik, ez pribaturik. Nabarmena zuan, ba, oroituko haizenez, nabarmena baino areago, distiratsua esango nikek. Bere hitz-toteltasun eta guzti -erdaraz bakarrik, to: euskaraz izugarrizko jarioa zeukaan-eta, gogoratzen?-, trebea zuan oso hizketarako, eztabaidarako, iritziak zehatz azaldu eta sendo defendatzeko, argia eta azkarra mutila. Ormaiztegikoa ez al zen? Bai, hor nonbaitekoa... Ene, Amaia, barkatu: honezkero aharrausika hasia izango haiz, ez baitago ezer edukazio eskasagokorik, inoren aurrean, inor horrek ezagutzen ez duen beste norbaiti buruz maiseaketan hastea baino; barka, arren.
Baina aipatu dizuedana: sonbreilu mexikanoduna bera zen, dudarik gabe, Luismari Subijana, ormaiztegitarra, edo goierritarra behinik behin. J.M.A.-k «zarza»rena kontatu zuenean, amorrazioz bere sonbreilua erantzi, afari-legea egiten ari gineneko ingurunetik altxa, kapela lurrera bota, hura bi edo hiru aldiz zapaldu, eta «no... tiene usted...de... recho... a bur... larse así de nosotros» esanda, dendara aldegin zuena. Kilkerren a-capella kantua besterik ez zen aditu lipar luze batez Los Husos azpiko gure kanpamenduan, makaldi hartako soilunean. Baina goazemazue poliki. Hiretzat, Jon, bazakiat aski dela esan berri dudana, oroitzapen-kide baikaituk, eta honezkero, beraz, gomuta amankomunaren identifikazioak eman ohi duen poz guztiz ele-mental hori berpiztua izango diala. O, memoria konpartituaren terra sigillatakiak, konplizitatezko buztinki hunkigarriak, eta abar, makina bat glosa pedante egin nezake jarraian. Baina ez. Da capo. Amaiarenganako begirunez, besterik ez bada ere: hots, ez dinat esan nahi, Amaia, «besterik ez bada ere» horrekin, zerarik, alegia,... ene, Luismari Subijana erdararekin bezain hitz-totela naun ni emakumeokin... esan nahi dinat, historiak linealki zertan kontatu beharrik ez badago ere, eta horretan hik nik adina edo gehiago dakin, gutxienez sekuentzia logiko-kronologiko bat behar dutela, ez da hala? Eta, in medias res truko erretoriko guztiz arrunt honen bidez hire jakin-mina nolabait erakarri ahal izan badut ere, ez dela aski. «Sasi»arena zehatz-mehatz kontatu behar dinadala, dizuedala, diodala neure buruari. Horregatik, da capo...
Joxe Austin ARRIETA