GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

M-9ko hauteskundeen ostean

Ia lau puntuko aldea, 2004ko boto baliogabeak abstentzioaz alderatuta

p006_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Ezker abertzalearen deiari jarraiki, joan den igandean abstentzioaren aldeko jarrerari eutsi zioten herritarrak, orain dela lau urteko hauteskunde espainoletan boto baliogabearen bidez izandakoak baino ia %4 gehiago izan dira. Azken urteotako bozaldietan ezker abertzaleak jaso dituen emaitzei so eginez gero, goraka ari dela ikus daiteke; baita hauteskunde espainolei eta joan den maiatzean jaso zituen kasik 190.000 bozei so eginez gero ere.

Orain dela lau urteko martxoaren 14an, «Bergarako ekimenaren» testuinguruan, ezker abertzalea beste behin ere legedi espainoletik at utzi ostean baliogabetu zituzten bozak zirela medio, 120.000 boto inguru jaso zituen; %5,28, beraz. Joan den igandeko bozaldietan, ostera, 13.580 lagun izan ziren Hego Euskal Herrian boz baliogabea sartu zutena hautestontzietan; %0,62, alegia.

Igandeko bozaldietan, or- dea, abstentzioaren aldeko deia egin zuen ezker abertzaleak. Orain dela lau urte, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 562.445 lagun abstenitu egin ziren; boza emateko eskubi- dea zuten herritarren %24,78, beraz. Joan den igandean, or-dea, 733.598 lagunek egin zuten abstentzioaren aldeko hautua; Hego Euskal Herriko herritarren %33,35, alegia.

Lau urte hauetako abstentzioa alderatuz gero, agerikoa da 206.808 herritar gehiago izan direla abstentzioa hautatu dutenak. Alegia, ezker abertzalearen deiari eutsi dioten herritar gehienak dira bertan. Beraz, %8,53 handiagotu da abstentzioaren esparrua.

Nafarroan ez da igoerarik izan

Ezker abertzalearen indarra areagotu egin dela egiaztatzeko, boz baliogabearen jaitsiera eta abstentzioaren igoera alderatuz gero, nabarmena da plantoaren aldeko jarrera nagusi dela.

Hau da: 2004ko boto baliogabeei eta joan den igandekoei erreparatuz gero, hauen jaitsiera %4,66koa dela ageri da. Abstentzioa alderatuz gero, %8,53a izan da honen igoera. Gainera, badago kontuan hartu beha- rreko beste elementu bat ere: aurtengo bozaldi espainoletan, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan 21.370 pertsona gutxiago zeuden erroldatuta orain lau urtekoekin alderatuta.

Nafarroan eta Araban hautesle errolda igo bada ere, Bizkaian eta Gipuzkoan jaitsi egin da. Nafarroan 460.492 lagun egon di-ra erregistratuta aurten, 2004-an, ostera, 453.575. Araban, 246.111ko errolda izan dute, eta 2004an, 245.786koa. Bizkaian izan da jaitsiera nabarmenena: 2004an 954.253 lagun ziren, eta 2008an 933.923 izan dira. Gipuzkoan, aldiz, 560.193 lagun agertu dira aurten, eta duela lau urte 568.475.

Ezker abertzalearen emaitzen igoera zehazki islatzeko, 2004ko boz baliogabeen kopurua eta abstentzioak bi bozaldiotan izan duen aldea ikustea besterik ez dago. Gipuzkoan, 2004an, 49.225 lagunek ezker abertzalearen deiari eutsi zioten boto baliogabearen bidez; igandean, 2004an baino 73.681 lagun gehiago abstenitu ziren.

Bizkaian, 2004an 45.960 boz baliogabe izan ziren; 2008an, aldiz, orain dela lau urte baino 65.337 lagun gehiago abstenitu dira. Araban, bestalde, 8.774 boto baliogabe eman ziren; eta joan den igandean 2004an baino 16.066 herritar gehiago abstenitu ziren. Nafarroan ezker abertzalearen indarrak kasik bere horretan gelditu dira: orain lau urte 15.562 boz baliogabetu eman zituzten nafarrek, eta joan den igandean, orduan baino 12.326 herritar gehiago abstenitu ziren.

Hiriburuak kontuan hartuz gero, Gasteizen, 2004ko bozetan 5.129 boto baliogabetu ziren, joan den igandean orduan baino 10.730 pertsona gehiago abstenitu ziren. Joan den maiatzeko udal bozetan 7.249 izan ziren ezker abertzaleak jasotako bozak.

Donostian, 8.532 boto baliogabetu zituzten 2004an, eta joan den igandean 13.836 pertsona gehiago abstenitu ziren. Iaz, ezker abertzaleak 11.029 boz jaso zituen. Bilbon, 2004an 9.683 boz izan ziren baliogabetuak. Joan den igandean, ordea, orduan baino 15.948 pertsona gehiago abstenitu ziren. Iaz, ezker abertzaleak 12.725 boto jaso zituen.

Azkenik, Iruñean, 2004an 4.424 boto izan ziren baliogabeak. Igandean, ostera, orduan baino 4.083 pertsona gehiago abstenitu ziren. Halere, iazko hauteskundeetan 7.187 boz jaso zituen EAE-ANV alderdiak.

Igoera

2004an boto baliogabeak %5,28 izan ziren. Igandean, aldiz, %0,62. Orain lau urte, abstentzioak %24,78ko emaitza izan zuen Hego Euskal Herrian, baina igandean %33,35era igo zen ezker abertzalearen deiari jarraiki.

98 udalerri

Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan abstentzioaren aldeko jarrera erakutsi duten udalerriei erreparatuz gero, hauek dira emaitzak: 98 udalerritan abstentzioak hautes erroldaren %50 gainditu du. Gipuzkoan 55 izan dira, Nafarroan 25, Bizkaian 16 eta Araban, aldiz, bi udalerritan gainditu du erroldaren erdia.

Herriz herri nabarmenagoa da ezker abertzalearen indarra

Ezker abertzaleak joan den igandeko hauteskundeen karietara egindako deiaren haritik, udalerriz udalerri emaitzak aztertuz gero, agerikoa da, gehientsuenetan behintzat, gora egin duela nabarmen abstentzioak.

Azpeitia, esaterako, abstentzioaren igoeraren adibide argia da. Abstentzioa %50,8koa izan da Urola bailarako herrian; 2004an baino 2.776 lagun gehiago izan dira abstenitu direnak. Iazko udal eta foru hauteskundeetan, ordea, 2.409 boz jaso zituen ezker abertzaleak. Arrasate ere kontuan hartu beharreko udalerria da, batez ere, joan den ostiralean bertan hil baitzuten tiroz PSEko zinegotzi ohi Isaias Carrasco. Debabarrenako udalerrian, abstentzioa %40,7koa izan da; orain lau urte baino 2.270 pertsona gehiago abstenitu dira. Halere, udal hauteskundeetan 3.333 boto jaso zituen EAE-ANVk.

Orexa eta Lizartza ere aipatzeko herriak dira biak ala biak. Lehendabizikoan abstentzioa %97,9koa izan da -bi pertsonak soilik eman dute botoa- eta Otaola alkate inposatu duten udalerrian %82,6koa.

Bizkaiko Ziortza-Bolibarren ez dago aldea kalkulatzeko modurik, orain lau urte ez baitzen oraindik udalerri. Halere, %51,8ko abstentzioa izan du orain. Ondarroan, ezker abertzalea garaile izanik ere, EAJren gestorak kudeatzen duen herrian, abstentzioa %58,2koa izan da. Lekeition, gainontzeko alderdien gainbehera argia izan den honetan, abstentzioa %51,8koa izan da. Etxarri-Aranatzen ere garaile izan da abstentzioa, eta Alkatetzan dagoen NaBaik, aldiz, kasik 120 boto galdu ditu. Arabako zenbait udalerritan, Agurain, Kuartango eta Aramaio esaterako, abstentzioak nabarmen egin du gora.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo