GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Zergatik hiltzen dituzten emakumeak

Egoera ez da egiatan aldatuko emakumeak bere jabearekiko dependentzia afektiboa sentitzen duen artean; hondo-hondoan pentsatzen baldin badu haren parte dela, hura bere seme-alaben aita delako

Historia marxista ikasi genuenean, plusbalioaren kontzeptua irakatsi ziguten, hau da, langilearen lanak sorrarazten duen aberastasuna handiagoa da lanagatik ordaintzen zaion soldata baino, eta horrela, produkzio-bideak menpe harturik, ugazabak berarentzat hartzen du gainerako balioa. Plusbalioa bereganatuz sortzen da kapitala. Langileari bere lanaren balioaren zatia bakarrik ematen zaio, eta beste guztia beretzat hartzen du kapitalistak.

Egun hauetan, berriz ere, hainbat emakume hil dituzte maite behar zituzten gizonezkoek. Odoluste hau ezin da azaldu bakarrik arrazoi koiunturalengatik. Ezin zaio errua egotzi, soilik, aldaketa soziologikoei. Alkoholak, langabeziak eta etorkinen egoera latza ere ez lirateke argudio nahikorik azaltzeko zergatik hiltzen dituzten urtero-urtero 80-100 emakume Espainian, eta are gehiago (harrigarria bada ere) Europako iparraldean: Suedia, Norvegia eta Finlandian. Ez, ez da kultura maila, ez da kontu soziologiko hutsa. Azalpena sakonagoa behar du izan. Historia marxistak azaldu zigun moduan, zergatia ekonomikoa da.

Emakumeak dira jendea sortzeko produkzio-bide bakarra, gaur-gaurkoz. Munduan diren pertsona guztiak emakume batengandik jaio dira. Emakumeak seme-alabak, jendea, pertsonak egiten dituzte, eta populazioaren kopuruak ezinbesteko garrantzia du ekonomian, hau da, demografia izan da (eta da) kolektiboaren potentzia neurtzeko faktorea. Demografia eta ekonomia uztarturik daude beraz.

Produkzio-bidea den aldetik, emakumea menperatzea boterea eskuratzea da. Honela bada, emakumeak saldu eta erosi, trukatu eta metatu, merkantilizatu egin dira, aberastasun zantzua baitira jabearentzat. Etsaia zigortu nahi izan denean, emakumeak zigortu dira bortxaketa masiboen bidez, etsaiaren ondasun ekonomikoa hondatzen den sistematizazio berberarekin. Gari-soroak edo lantegiak hondatzen diren helburu berberarekin, etsaiari kalte egiteko. Emakumea tresna da, objektualizatuta dago.

Emakumeak esaten badu bere buruaren jabe izan nahi duela, galera ekonomikoa da ugazabarentzat. Emakumeak erabaki nahi izatea da langileak erabakitzea noiz, zenbat eta nola jasoko duen bere lanaren fruitua. Eta ugazabak ezin du permititu plusbalia kolokan jartzea langileak erabaki nahi duelako. Akabo sistema, ekoizleak zeresanik izanez gero ekoizpenaren gainean!

Langileen arma klase-borroka den bezalaxe, emakumearen arma da bere buruaren jabe dela aldarrikatzea. Eta hainbat arlotan joan badoa burujabetasunaren bidetik. Formazioa du (gizonen parekoa edo handiagoa); emakume asko ekonomikoki autonomoak dira; antisorgailuek iraultza sorrarazi dute mendebaldean, eta horrek guztiak eragin du galera sentsazioa gizonezkoen imajinarioan, sen atabikoan.

Hala ere, egoera ez da egiatan aldatuko emakumeak bere jabearekiko dependentzia afektiboa sentitzen duen artean; hondo-hondoan pentsatzen badu haren parte dela, hura bere seme-alaben aita delako.

Ekonomikoki autonomoa izatea errazagoa da afektuetan askea izatea baino.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo