Meettok-ek idazleak jarri ditu irakurtzeari buruz gogoeta egiten
Uxue Apaolaza, Pako Aristi, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Angel Erro, Edorta Jimenez, Felipe Juaristi, Mariasun Landa, Anjel Lertxundi, Eider Rodriguez eta Iban Zaldua. Hamaika idazle eta irakurtzeari buruzko beste hainbeste idazki literario bildu ditu Meettok-en liburu berriak.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
Donostiako Meettok argitaletxe independientearen seigarren liburua da «Irakurri». Bada, hamaika idazle esanguratsuren gai horren inguruko ekarpenekin sortu da argitalpena, nolabait irakurtzea edota irakurketari buruz sortzaileek duten ikuspuntu propioa ezagutaraziz.
Ikus-entzunezko komunikazioarekin lotura dute idatzi batzuek, ipuinak dira beste batzuk, entsegutik du gehiago besteren batek... Finean, belaunaldi ezberdinetako sortzaileak eta estilo aniztasuna ditu lagun lanak.
Ramon Etxebeste editoreaz gain, Harkaitz Cano eta Angel Erro idazlea ere bildu zituen atzo Donostian egin aurkezpenak. Azken horrek azaldu zuen, hain zuzen ere, «berehala onartu» zuela irakurketaren gaineko zerbait idazteko proposamena, baita «liburu honen erakargarritasun handiena gaia bera» izan daitekeela erantsi ere.
«Orain, ziurrenik, idazle ginen guztiok pasatu gara irakurle izatera -aipatu zuen Errok-. Borgesek berak esaten zuen harroago zegoela irakurritakoaz idatzitakoaz baino. Orain denok gara irakurle eta idaztearen erromantizismo eta xarma guztia pasatu da irakurtzearen xarmara. Denori gustatzen zaigu irakurtzea, Sarrionandiak berak ere esan zuen, eta ondoren euskal idazle guztiok atzetik ere esan izan dugu, guk utzi nahiko geniokeela idazteari eta bakarrik irakurtzera pasatu. Liburua irakurtzea merezi du, irakurtzeaz diharduen arren», ondorioztatu zuen idazleak.
Harkaitz Canok ere berretsi zuen «eskertzekoa» izan dela irakurketari buruzko enkargu hau: «Beti eskatzen dizkigute idazteari buruzko hausnarketak (...). Kasu honetan irakurketari buruzkoa da, baina azkenean jabetzen zara segur aski irakurketa eta idazketa ariketa beraren bi parte direla. Hau da, esaten bada azkenean XXI. mendeko artista on bat gustu oneko kleptomano bat dela, horrek esan nahi du gustu oneko irakurle bat izan daitekeela idazle on bat. Norbere irakurketak osatzen du azkenean bizitza osoan zehar norberaren nobela».
Iritzi, pasarte eta gogoeta anitz
Cano arduratu zen «Irakurri» liburua osatzen duten idazki literarioen gaineko zertzelada gutxi batzuk emateaz. Bada, Uxue Apaolazak (Hernani, 1981) zinerako gidoi labur antzeko bat aurkeztu du. Eta Pako Aristik (Urrestilla, 1963), aldiz, bere gaztetako «errebeldia gisa» gogorarazi ditu bere idazkian, gaztetan, lagunekin elkartu ordez, etxean irakurtzen geratzen zeneko esperientzia haiek, «eta hori nolabaiteko erresistentzia ariketa bat bazen», Canoren esanetan. Trenean irakurtzeari buruz ere hitz egiten du Aristik.
«Chichen (h)itza»-n bizi izandako pasarte «oso polit bat» kontatzen du Itxaro Bordak; irakurtzen jakin gabe ere, bere koadernoa erakargarri zitzaion neskato bati buruzkoa.
Canok berak «glosa batzuk» egin ditu, zinean irakurtzen agertzen diren pertsonaiak hizpide hartuta, besteren artean.
Angel Errok (Burlata, 1978) hiru poema eskaini dizkio liburuari; eta Edorta Jimenezek (Mundaka, 1953), bestalde, «irakurketaren ekosistemari buruzko» halako gogoeta bat egin du, «lanik teorikoena izan daiteke berea, ea zein den irakurketa hazteko ekosistema egoki bat aztertuz, irakurketa sustatzeko egiten diren kanpainek zergatik ez duten funtzionatzen, eta zer egin daitekeen aipatuz...».
Felipe Juaristiren (Azkoitia, 1957) «Liburu ibiltariak» idazkia «Fahrenheit 451 » liburutik abiatzen dela aurreratu zuen Canok, eta Mariasun Landaren (Errenteria, 1949) lanak, esan zuenez, hausnarketa egiten du «irakurketaz, prestigio sozialeko zerbait bezala aldarrikatuta, baina horrek dakarren hipokresia guztiaz ere bai». Anjel Lertxundik (Orio, 1948) glosario antzeko bat egin du, besteren artean, txikitan ezkutuan eta izarapean irakurtzeak zuen esperientzia xarmangarriak gogorarazita.
Eider Rodriguezek (Errenteria, 1977) bere irakurketaren ibilbide sentimentala egin du kontakizunean. Azkenik, Iban Zalduaren (Donostia, 1966) lanak du ipuinarekin zerikusirik handiena, «liburua ixteko oso aproposa», Canok nabarmendu zuenez.
Etxebeste editoreak dio proiektuak nolabait irakurzaletasuna sustatzea bilatzen duela. Errok eta Canok, aldiz, ez ei dute helburu zehatzik jarraitu. «Asmo proselitistarik ez du. Norberak bere erara eta bere estiloan pozoi horrek beretzat zer suposatzen duen esaten du. Liburu intimoa da, norbere pozoiaren azalpen xume eta intimoa».
Izenburua: «Irakurri. Hamaika idazki literario irakurtzeari buruz». Argitaletxea: Meettok.
Orrialde kopurua: 188.
Salneurria: 16 euro.