GARA > Idatzia > Musika

Mugimenduaren topagune bihurtuko da Lezo

Aritz SOUND SYSTEM |Kazetari eta musika adiktoa

Gazte Topagunea Lezon. Hau bai marka! Urteak dira Topagune desberdinetara joan naizela, eta horietako batzuetan egitarauaren parte ere izan naiz (mahai-inguruetan hizlari edo musika kontuetan gehienbat). Pozten nau urteak pasatu arren, zailtasunak zailtasun, Topaguneak antolatzen direla ikusteak. Ez dut milaka gazte elkartzen dituen antzeko ekimenik ezagutzen.

Kopuruari dagokionez, musika jaialdi ospetsuek soilik biltzen dute horrelako gazte saila, baina (zorionez) ekimen honek ez du hauekin zerikusirik. Bistan da musikak izugarrizko garrantzia duela (nahiz eta gauza batzuk faltan botatzen ditugun), baina Topaguneak musika eta festaren eremuak gainditzen ditu. Lau egunez sinetsi ezinezko ekitaldi kopurua antolatzen da eta, hala ere, Euskal Herrian egiten denaren isla txikia besterik ez da. Denbora laburrean horrenbeste ekitaldi egitea ekitaldiaren beraren kalterako dela pentsatu izan dut beti. Askotan, kalitateari baino kantitateari begiratzen zaio gehiago (kalitatearen kaltetan). Topagunearen kasuan modu naturalean gertatzen dela uste dut; hau da, milaka gazteren topaleku da eta Topagunea, gazte horientzat garrantzitsua denaren erakusleiho da. Modu aske eta parte hartzailean antolatuta. Gazteek sortu, erakutsi, eztabaidatu, ikasi, elkar ezagutu eta ondo pasatzeko duten beharraren erakusleiho.

Aurreko batean, herriko festak prestatzeko bilera batean, kexu ziren batzuk bileran gazte gutxi geundelako. Gaur egungo gazteak ez direla ezertarako mugitzen esaten zuten. Gaur egungo gazteak ez dira ezertarako mugitzen? Gezurra. Zergatik gazte asko ez dira mugitzen? Zein gazte mugitzen dira? Zertarako mugitzen dira gazteak? Zer gertatzen da mugitzen diren gazteekin? Gazteak mugitzea nahi dugu? Zertan nahi dugu mugitzea gazteak? Zertan mugi daitezke gazteak eta zertan ez? Nori interesatzen zaio gazteak ez mugitzea? Zer egiten da gazteak mugitzeko? Zer egiten da gazteak ez mugitzeko? Lezoko Topagunean milaka gazte mugituko dira. Topagunearen aurretik eta ondoren milaka gazte mugituko dira. Mugimendu honek ez du hedabide gehienetan oihartzunik edukiko, eta edukitzekotan, mugimendua kriminalizatzeko izango da. Lezo herri inguruan harresiak jarriko dituzte mugimendua oztopatzeko eta, hala ere, zorionez, gazteek mugitzen jarraituko dute, bizirik dagoenak mugitzeko beharra duelako.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo