GARA > Idatzia > Musika

Liet Lavlut, Europako hizkuntza gutxituen musika jaialdia

Europa zaharreko hizkuntza gutxituek ere badute beren Eurovision lehiaketa Liet Lavlut jaialdian. kontinenteko kultur eta hizkuntza aniztasunaren isla izan nahi duen jaialdiak makina bat artista jarriko ditu harremanetan, aurten bosgarrenez jokatuko den jaialdian. Hitzordua urriaren 18rako egina dago, Suediako Lulea hirian. Alta, bertan parte hartu nahi duena garaiz dabil oraindik, maiatzaren 1era arte onartuko baitituzte antolatzaileek izen emateak.

p054_f01_148x188.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Maiatzaren 24an Eurovision musika lehiaketa Belgradon ospatuko dela eta, Europa osatzen duten estatuetan aukeratu dituzte jada beren ordezkariak; ez zalapartarik gabe, gainera. Gure inguruan, esaterako, Sebastian Tellier-ek ordezkatuko du Estatu frantsesa, «Sexuality» diskoan ageri den «Divine» kantuarekin, eta lehenengo aldiz ingeles hutsez kantatuko du errepublika handiaren izenean. Estatu espainolak, aldiz, Rodolfo Chikilicuatre aukeratu du, ika-mika franko sortu duen «Chiki chiki» kantuarekin. Beraz, kantari ospetsu bati egin diote lekua batean, eta herri bozketaren bitartez komiko bat aukeratu dute besteek, biak ere zaharkitutako lehiaketa berritu eta bertan, hori omen da asmo behinena, nagusitze aldera.

Alta, bada askoz ikuspuntu apalago eta parte hartzaileagoa duen lehiaketarik ere, Europa zaharreko hizkuntza gutxituak kontutan hartzen dituen Liet Lavlut jaialdia, kasu. Lehiatzeaz aparte, kontinente zaharreko musika, kultura eta hizkuntza aniztasunaren isla izan nahi duen jaialdiak bosgarren edizioa beteko du aurten.

Aurten ere, 2006an bezala, Suedian izango da jaialdia, bertako Lulea hirian bilduko baitira azken txanpan lehiatzeko aukeratutako musikariak urriaren 16tik 18ra bitartean (edo, agian, astebete lehenago, urriaren 11n).

Aurreko lau edizioetan, Kataluniako ordezkari gisa Pomada taldeak irabazitako lehenengo jaialdia kenduta, samiak izan dira nagusi, hurrengo hiru edizioetan gailenduta. Azkenekoan, esaterako, samiz kantatu zuen Johan Kitti eta Sara Ellen Bahr bikote laponiarrak irabazi zuen sari nagusia, eta Galiziako Narf kantaria izan zen bigarren. Ikus-entzuleen saria, berriz, Lisa okzitaniar kantari finak lortu zuen.

Liet Lavlut jaialdia Frisia aldean sortu zen 2002 inguruan eta bertan, Herbehereetan, jokatu ziren lehenengo hiru edizioak. Alta, Europa osoko hizkuntza gutxituei parte hartzeko aukera eman eta kontinente osoan zehar zabaltzeko nahia erakutsi zuen, baita lortu ere 2006an, aurrenekoz Frisiatik kanpo, Suedian ospatu zen laugarren jaialdi ederrarekin.

Euskal Herriko ordezkari legez Gariren bisita hartu zuen laugarren jaialdi horrek hogeita bost hizkuntzatan kantatzen zuten hirurogeita bat kantu jaso zituen, eta batzorde batek hamaika hautatu zituen, beraien artean zuzenean lehia zitezen. 49 artistak osatutako hamaika talde, beraz, oholtza gainean.

Ekitaldia garrantzia hartzen joan da poliki-poliki, eta horren adierazgarri garbia da 2006ko jaialdian hamazazpi herrialde ezberdinetako hirurogeita bost kazetari jardun izana. Bestalde, hedabide batzuek, Suediako Channel SVT2 telebistak eta Radio Channel P2 irratiak edo Sameradio eta Sisuradiok, zuzenean emititu zuten kantaldia, telebistaz, irratiz zein Internet bidez.

Lehiari dagokionez, Eurovision eta enparauek erabiltzen duten antzeko sistema erabili ohi da sariak emateko orduan. Batetik, parte hartzen duen hizkuntza edo herrialde bakoitzak badu bere ordezkaria, gainontzekoak puntuatzen dituena. Bestetik, bada zaleen saria ere, sms mezuen bidez kudeatzen dena.

Hedatuz doan ospakizuna

Orain arte jaialdiaren historia eta funtzionamenduaz aritu gara, baina aipagarria da azken lehian parte hartzeko taldeek egin beharreko bidea ere. Izan ere, Europa iparraldean ohikoa zuten bakoitzak bere hizkuntzan kantu txapelketak egitea, guk ere geure gisara egiten dugun bezala, Frisiarrei jaialdiak biltzeko gonbita egitea otu zitzaien arte.

Beraz, zail samarra da azken txanparako herri bakoitzak egin beharreko bidea azaltzea, hizkuntza bakoitzak berea du eta. Horrela, laponiarrek Sami Grand Prix antolatzen dute eta bertako irabazleak badu bere tokia Liet Lavluten, Frisiako txapeldunak, Baltiko inguruko lehiaketakoak eta beste zenbaitek bezala.

Txapelketa propioa edo finalaurrekorik egiten ez dutenen artean, Europa osoko ordezkarien lanak jasotzen dituzte antolatzaileek, eta bertatik bost aukeratu jaialdiko hamaika taldeak osatu eta elkarren aurka lehiatu eta elkarren berri izateko. Maiatzaren 1ean bukatuko da ingelesa onartzen ez duen jaialdian izena emateko epea.

Gure azken ordezkaria, Gari legazpiarra

Oraingoz lau bider baino ez da jokatu lehiaketa. Azkena, 2006ko urriaren 14an, Suediako Ostersund hirian. Bertan, hizkuntza gutxituetan kantatzen duten makina bat talde edo bakarlarik parte hartu zuten, tartean «Hil ez denak» kantatu zuen Gari, Euskal Herriaren ordezkari legez. Hamaikagarren tokian geratu zen legazpiarra.

Euskararekin batera, Italia ipar-ekialdeko friuleraz kantatu zuen Arbe Garbe taldeak, Eskoziako gaelikoz Anna Murray-k, okzitanieraz Liza-k, galizieraz Narf-ek eta erromantxez Hungariako Karavan familia ijitoak. Man uharteko Moot danbor-jotzaileak manxeraz kantatu zuen eta Raud Ants estoniar folk metal bandak votieraz. Van Wieren rock bandak frisieraz eta Jord folk taldeak tornedaliarrez.

Jaialdiko garaile, sami edo laponieraz kantatu zuen Johan Kitti eta Sara Ellen Bahr bikote laponiarra, herrialde guztien artean elkarri emandako puntuaketetan nagusi. Bigarren saria Narf galiziarrak erdietsi zuen eta ikus-entzuleek ere badute sariketan mezuen bitartez parte hartzeko aukera eta Liza okzitaniarrak eraman zuen zaleen sari nagusia. Guzti honen berri. <www.liet.nl> atarian. A. B

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo