Atarrabian izango da Hizkuntza Eskubideen Eguna, apirilaren 6an
Euskal Herrian Euskaraz-eko eledunek atzo jakinarazi zutenez, Hizkuntza Eskubideen Egunaren bosgarren edizioa Atarrabian egingo da datorren apirilaren 6an. Iaz, talde euskaltzalea jaialdia Burlatan eta Atarrabian egiten saiatu zen, baina herri horietako udalek halakorik aurrera eramatea debekatu zioten. Aurten, azkenean, euskararen ofizialtasunaren eta normalizazioaren aldeko jaialdia Iruñerrian izango da.
Asier VELEZ DE MENDIZABAL |
Aurreko urteetan Hizkuntza Eskubideen Eguna Lesakan, Oiartzunen, Santurtzin eta Azpeitian egin ostean, aurtengo eus- kararen ofizialtasunaren eta normalizazioaren aldeko jaialdia datorren apirilaren 6an Atarrabian egingo duela iragarri zuen atzo Euskal Herrian Euskaraz taldeko bozeramaile Eulate Zilonizaurrekotxeak Iruñean egindako prentsaurrekoan.
Iragan urtean ere saiatu zen talde euskaltzalea ekitaldia Burlatan eta Atarrabian antolatzen, baina bertako udalek ez zioten baimenik eman. Auzi horren inguruan, Zilonizaurrekoetxeak gogorarazi zuen garai hartan bi udalek «hauteskundeen gertutasuna» ikusita, «boto gutxi batzuen truke» ekitaldia antolatzea debekatu zietela. «Euskararen aurkako estrategiaren barruan, lotsagarria izan zen UPN eta PSN alderdiek hartutako jarrera, eta tamalez, gaur gaurkoz, jarrera berberei eusten dietela salatu beharrean gaude», adierazi zuen.
Horren haritik, egun, Euskal Herri osoan euskaldunek «hizkuntza eskubideen urraketa nabarmena» jasaten dutela salatu zuen, eta era berean, «hizkuntzaren aurkako jarrera erasokor» horiek «Euskal Herriak bi-zi duen zatiketa administrati-boan indarrean dauden lege- dietan babes egokia» aurkitzen dutela salatu zuen Zilonizaurrekoetxeak.
Dena dela, EHEko eledunak goraipatu zuen «oztopoen gainetik» herri mugimenduak «euskararen normalizazioaren bidezidorrean urrats ugari» ematen ari direla. «Aurrera begira ere, urratsak eman behar ditugu; esparruz esparru, lan ildoz lan ildo eta proiektuz proiektu, azken batean, Euskal Herri euskalduna eraikitzera eramango gaituzten urratsak», nabarmendu zuen.
Auzolana, «gakoa»
Lan horren giltzarria «auzolana» izango dela iragarri zuen Zilonizaurrekoetxeak, Euskal Herri euskalduna eraikitze bidean «ezinbesteko» iritzi baitzioten «herritar euskaltzaleen auzolana garatzen jarraitzeari».
EHEko kide Nestor Estebanek ohartarazi zuen egungo legedi eta hizkuntza politikak aldatzen ez badira, «trabak eta oztopoak nabarmenak» izango direla aurrerantzean ere. «Eskubide urraketa gainditu, eta Euskal Herri euskalduna helburu izango duen hizkuntza politika garatzen hasteko garaia da», aldarrikatu zuen. Gainera, euskarak «estatus berria» behar duela nabarmendu zuen.
Datorren apirilaren 6an Atarrabian egingo den Hizkuntza Eskubideen Egunean festa eta aldarrikapena uztartuko dira. Beste hainbat ekitaldiren artean, herri bazkaria ere izango da. Txartelak 12 euroren truke izango dira salgai.