Gobernua bere osotasunean kargutik kendu du ingush Errepublikako presidenteak
Murat Ziazikov presidenteak Ingusheko Gobernua kargutik kendu zuen atzo. Ibrahim Malsavarov lehen ministroaren lekua Java Ievloiev presidenteordeak hartuko du behin-behinean. Azken urteetan, Ziazikoveren jarrera errepresiboa dela-eta salaketak ugaritu dira.
GARA |
Ingushetiako Errepublikako presidente Murat Ziazikovek Gobernua, bere osotasunean (Ibrahim Malsagarov lehen ministroa barne), bertan behera utzi zuen atzo. Interfax agentziak azaldu zuenez, gizarte alorrari dagozkion «erreformak azkartzeko» desegin du Gobernua.
Presidentziaren komunikazio bulegoak jakinarazi zuenez, orain arte presidenteordea izan den Java Ievloievek bere gain hartuko du lehen ministroaren kargua Gobernu berria osatzen den bitartean.
Azken urteetan, Txetxenia ondoan dagoen Ingushetiako Errepublika zonalde gatazkatsua izan da. Poliziaren kontrako erasoak daude ia egunero, eta giza eskubideen urraketak, tartean, hiritarren desagerpenak, ohiko bihurtu dira. Salaketak biderkatu egin dira urteotan.
Ziazikovek testuinguru berezi batean erabaki du Gobernua desegitea. Justu bi egun lehenago, Ingusheko Herriaren bosgarren Batzarrak Vladimir Putini eta Dmitri Medvedev presidente errusiarrari eskutitz bana igorri zien Ziazikoven gehiegikeriei amaiera eman diezaieten.
«Noiz arte jasan beharko ditu ingushek Ziazikoven lagun talde burokrataren gehiegikeriak?», nabarmendu zuten. Ildo horretan, gogor gaitzetsi zuten agintarien jokabide errepresiboa. «Konstituzioa eta Errusiako legedia urratuz, egungo agintariek beldurrean oinarritutako politika abian jarri dute herritarren kontra», berretsi zuten sinatzaileek. Gutunarekin batera, Ingushen azkenaldian gertatu diren giza eskubideen urraketen zerrenda luzea bidali zuten.
Egoera aztertu eta salaketak ikertzeko batzorde independentea bidaltzea eskatu zioten Moskuri. «Ustelkeria noraino iristen den eta errepublikan egiten ari diren lanen gainean idatziriko txostenak faltsutasuna neurtu ahal izango du», esan zuten.
Errusiako Federazioa 83 entitatek osatzen dute, eta horietako bat da Ingushetiako errepublika. Lau mila kilometro karratu eta 450.000 biztanle ditu.